Gasteizko Zaramaga auzoan urrun daude gurtza areto musulman bat egiteari buruzko jarrerak. Gasteizko Udala eta lokalaren bultzatzaileak guztien nahiak asebeteko dituen kokapen bat lortzeko bildu dira, baina lehen proposamenari ezetza eman ostean, Gasteizko alkate Javier Marotok bat egin du meskitaren aurka dauden bizilagunekin. Hala, lankidetza eskatu die meskita egin nahi dutenei.
Maroto buru duen udal gobernuak Legutioko Atea kaleko lokal bat proposatu zien Martin Olabe kalean aukeratutakoaren tokian. Gasteizko pakistandarren kultura elkarteko kideek, hau da, meskitaren bultzatzaileek ez zuten egokitzat jo. Jatorrizkoa baino garestiagoa izateaz gain, lehenesten zuten tokitik urrunago dagoela azaldu dute.Ramadanean egunero bost aldiz otoi egin beharko dutela gogorarazi dute, eta bertara joateko denbora asko beharko luketela.
Aretoaren azalera ere ez dute egokitzat jo, ezta kokapena eta egitura ere. «Proposatu diguten lekua ez da egokia otoi egiteko; ez dago Mekara begira, eta egiturak otoi egingo dutenen kokapena eta banaketa ere ez du errazten», azaldu zuen iragan ostiralean gurtza askatasunaren aldeko elkarretaratzean parte hartu zuen pakistandarren elkarteko kide batek.
Alkatea, 2.000 bizilagunekin
Marotok borondate falta leporatu die meskitaren sustatzaileei, eta udalak eta bizilagunek duten jarrera izateko eskatu die. «Bizilagunak eta ni gure partetik ahalegintzen ari gara», azaldu zuen hedabideen aurreko azken agerraldian. Bide batez, gogorarazi zuen 2.000 bizilagunek «desegokitzat» jotzen dutela Martin Olabe kaleko kokapena. Berretsi zuen, gainera, haien iritzia babestuko duela. Haatik, kontuan hartu beharda jatorrizko lokalak baimen guztiak lortu zituen Patxi Lazkoz alkate zenean.
Pakistandarren kultura elkarteko kideek aukeratu zuten lehen lokala «desegokitzat» jotzeko irizpide teknikoengatik galdetzean, «zentzuzko» neurriak argudiatu ditu udalak. Horrekin batera, meskitaren aurka dauden bizilagunen sinadurak argudio moduan erabili ditu. Beste lokalen bat proposatzeko aukera ez duela baztertu jakinarazi du udalak, baina balizko kokapen horrek bizilagunen oniritzia izan beharko lukeela nabarmendu du Marotok.
Gasteizko alkatearen jokabideak oposizioko talde gehienen kritikak eragin ditu. Lazkoz alkate ohi eta Gasteizko Udaleko PSE-EEko bozeramaileak Marotori agindu dio «ezberdinak direnen» jazarpena bertan behera uzteko, eta hauteskunde kanpainan «xenofobia piztea» leporatu dio. Bilduk «eskubide konfesionala» bermatu behar duela gogorarazi dio Marotori. «Leku batek kultu bat irekitzeko legeak eskatzen dituen irizpide guztiak betetzen baditu, haien eskubideak errespeta daitezen eskatzen dugu».
Mobilizazioen aldaketa
Udalak meskitaren kokapena aldatzeko esku hartu zuenetik, meskitaren aurka dauden bizilagunen taldeek bertan behera utzi dituzte ostegunero egiten zituzten mobilizazioak. «Egoera konpontzeko negozia zezala eskatu genion udalari, eta, hori egin duenez, egokitzat jo dugu elkarretaratzeak gelditzea», azaldu du Fernando Cuestak, Iparralde-Zaramaga bizilagun elkarteko presidente eta meskitaren aurka dauden bizilagunen bozeramaileak. Bide batez, iragan asteartean izandako Martin Olabe kaleko lokalaren aurkako erasoa gaitzetsi du, eta kritikatu egin du Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak erasoa bizilagunei leporatu izana.
Gasteizen dauden zortzi meskitetako ordezkariek ekimenekin aurrera jarraituko dutela esan dute. Duela bi aste Gasteizko Udalaren aurrean elkartzen hasi ziren, ostiraleko otoiaren ostean. Datorren asterako, ordea, arratsaldeko zazpietan egin dute deialdia, ahalik eta jende gehien biltzeko.
Zaramagako meskitako bultzatzaileen eta udalaren artean ez dago adostasunik
Gasteizko alkate Javier Marotok bat egin du meskitaren aurka daudenekin, eta lankidetza eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu