Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak antolatuko du 2019ko Kilometroak jaia. Iñigo Amestoi ikastolako lehendakariak eta Belen Murua zuzendariak hartu dute lekukoa Urretxu-Zumarraga ikastolako ordezkarien eskutik. Orain arteko ereduaren arabera antolatzen den azken aldia izango da, Kilometroek beste molde bat hartuko dutela iragarria baitu Ikastolen Elkarteak. Amestoik esker onez hartu du lekukoa.
Hartu du #kilometroak jaiaren lekukoa #Zarautz-eko Salbatore Mitxelena #ikastola-k. #ZU2ak1UZpic.twitter.com/KLVYOsqUOs
— Kilometroak (@kilometroak) 2018(e)ko urriaren 7(a)
Duela mende erdi sortu zen ikastola, eredu pedagogia berritzea du egun erronka nagusi. Buru-belarri dabiltza ikastolako profesionalak horretan lanean, eta 2019ko kilometroetan biltzen dena pedagogia berrian inbertitzeko baliatuko da. "Iraultzaile izan nahi dugu", esan du Amestoik.
Antton Mendizabal artistak propio Kilometroetarako ondutako lekukoa hartuz joan dira 1996tik Kilometroak antolatzeko ardura izan duten ikastolek. Orduz geroztik, lekukoa jaso duten ikastolen izenak grabatuta ditu egurrezko artelanak.
Zarautzek hirugarren aldiz antolatuko du jaia. Lehen aldiz, 1987. urtean antolatu zuen; bigarrenez, 2004an, Oriorekin batera; eta hirugarrenez, 2019an antolatuko du.
Ofizialki lekukoa gaur hartu badute ere, aurretik martxan jarrita daude lantaldeak. Ehun pertsonatik gora hasita daude lanean jadanik, datorren urteko Kilometroak, egungo ereduaren araberakoa izango den azkena, borobila izan dadin.
Festa giroa Zumarragan eta Urretxun
Beste urte batez, festa giroan ospatu dute Kilometroak jaia, Gipuzkoako ikastolei babesa emateko. Aurtengoan, Urretxun eta Zumarragan antolatu dute jaia, eta, hain zuzen, Urretxu-Zumarraga ikastolara bideratuko da gaur bilduko den dirua, eredu pedagogikoaren berritzea sustatzeko. Ikastolen etorkizunarentzat batasunak duen garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek, eta mezu hori islatu nahi izan dute Kilometroak jaiaren leloan: Zubiak batuz. "Batuz handi egiten gara", adierazi du Montse alkorta Zumarraga-Urretxuko ikastolako lehendakariak.
Festari hasiera emateko ekitaldiak hainbat erakundetako ordezkariak bildu ditu. Besteak beste, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Mikel Serrano Zumarragako alkatea eta Jon Luqui Urretxuko alkatea.
Argiñe Artolazabal Urretxu-Zumarraga Ikastolako lehendakariak egin die ongietorria guztiei. Hitzaldian, orain 52 urte Urretxu-Zumarraga Ikastola abian jarri zuten gurasoak izan ditu gogoan, eta haiek egungo gurasoen ispilu direla nabarmendu du. “Haien lekukoa hartuta, gaur egun Ikastola osatzen dugun familiak eta langileak urte osoan aritu gara lanean, gogotsu eta ilusioz. Eta, emaitzak emaitza, ikasgai garrantzitsu bat jaso dugu: komunitate sendoa osatzen dugula”, azpimarratu du.
Uriartek hezkuntza lege berria lantzeko ikastolaren konpromisoa azpimarratu du, eta Olanok euskarazko hezkuntzaren aitzindaritza aitortu die ikastolei. "Ikastolek bere sorreratik asmatu dute herritar euskaldun, kritiko eta konprometituak hezteko eredua sortzen; gaur egun ere lan hori behar-beharrezkoa dugu, gure herriak dituen desafioei aurre egin nahi badiegu", adierazi du bere Twitter kontuan.
Ikastolek bere sorreratik asmatu dute herritar euskaldun, kritiko eta konprometituak hezteko eredua sortzen; gaur egun ere lan hori behar-beharrezkoa dugu, gure herriak dituen desafioei aurre egin nahi badiegu 🔸 #ZU2ak1UZpic.twitter.com/yLWsDGF7ej
— Markel Olano (@markelolano) 2018(e)ko urriaren 7(a)
Ekitaldian, udalekuen proiektua abiarazi zutenak omendu ditu Urretxu-Zumarraga ikastolak. Aretoan zeuden txalo zaparrada jaso dute.
Eguraldia argitzen ari da Urretxun eta Zumarragan, eta ostarteak zabaldu dira goizean. Giroa lagun, ibilbidea jendez betetzen ari da, festa giroan.
Giro ederrarekin ari gara ikastolen eta euskararen aldeko festa ospatzen! #Kilometroak@uzikastola@ehikastolakpic.twitter.com/qJpDfHutqr
— Kilometroak (@kilometroak) 2018(e)ko urriaren 7(a)
Ibilbidea egiten #orain ehunka lagunen artean 12 hizkuntza gutxitutako aktibistak. Emozioa eta umore ona nagusi!#kilometroak#adituikastaroa18pic.twitter.com/76DfUOfdzc
— Garabide (@garabide) 2018(e)ko urriaren 7(a)
#Urretxu eta #Zumarraga-ko txistulariak batuta #kilometroak jaiko zirkuitua egiten. #ZU2ak1UZpic.twitter.com/4pEpQnTEa8
— Kilometroak (@kilometroak) 2018(e)ko urriaren 7(a)
Egun osorako egitarau zabala prestatu du Urretxu-Zumarraga ikastolak. Ikastaroak, jolasak, janari postuak, kaleko animazioa eta kontzertuak. Gaurkoan arituko diren musika taldeen artean dira Willis Drummond, Voltaia eta Eraso.
Antolatzaileek Zumarragara eta Urretxura garraio publikoz joatera deitu dute. Lurraldebusek eta Renfek zerbitzuak indartu dituzte horretarako.