Gizartea

Zarautzen hilda aurkitutako umearen aita atxilotu dute

Urte eta erdiko neskatoaren hilotza goizean topatu dute itsasoan, aitak desagertu egin dela salatu eta gero. Ertzaintzak dio aurrekariak dituela gizonak genero indarkeriagatik eta alaba bahitzeagatik. Kasua sekretupean dago.

2010eko urriaren 7a
19:35
Entzun
Ertzaintzak atxilotu egin du gaur goizean Zarautzen hilda azaldu den neskatoaren aita. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du lehenago ere atxilotu izan dutela gizona, bikotekideari eraso egiteagatik eta alaba bahitzeagatik. Zenbait iturriren arabera, urruntze agindua zuen gizonak, eta hura aurkitzeko agindua zuen Ertzaintzak. Kasua sekretupean dago, eta haurraren ama ere galdekatu du Ertzaintzak.

Urte eta erdiko neskatoaren hilotza goizean aurkitu dute Zarautzen (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu du 09:00etan aurkitu dutela umearen hilotza, itsasoan, moilatik hurbil. Haurraren aitak 05:00etan eman dio desagertzearen berri Ertzaintzari, eta umearen bila aritu dira ordutik.

Lehen datuen arabera aita-alabak txabola batean zeuden lo, heltzen zaila den inguru batean. Aitak Ertzaintzari adierazi dio 05:00etan esnatu denean ohartu dela alaba falta zuela. Itsasotik hurbil, ehun bat metrora, dago txabola hori. Haurra falta zela ohartzean, Poliziari abisu eman dio aitak. Ertzaintza, Zarauzko Udaltzaingoa, Gurutze Gorria eta DYA aritu dira bila.

Gizonak uztailean bahitu zuen haurra. Emazteari eraso egin zion, eta hark alde egitea lortu zuen etxetik. Orduan, gizonak umea atxiki zuen, eta Zarauztik Galdakaora (Bizkaia) egin zuen ihes. Herri hartako udaltzainek atxilotu zuten. Bizilagunek egin zuten salaketa, gizona haurrarekin gau guztian kalean ikusi zutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.