Zarautzen itota agertu zen umearen aitak orain arteko bertsioa aldatu du

Orain dioenez, Zarauzko malekoian pasatu zuen gaua alabarekin, ez txabola batean. Bere errugabetasuna defendatzen segitu du Haurtxoaren amarekin harreman gaiztotua zuela dio, eta zaila zitzaiela txikia zaintzea

arantxa iraola
2014ko urtarrilaren 14a
19:10
Entzun

«Nik oker bakar bat egin nuen gau hartan: haurra ez nuen haur kotxean uhalarekin lotu. Mozkorregi nengoen». 2010eko urriaren 7an Zarauzko (Gipuzkoa) itsasertzean itota agertutako 18 hilabeteko umearen aitak atzo Donostiako epaitegian egindako deklarazioan emandako azalpenak dira horiek. 44 urteko gizona da; garaia, bizarra naro, kontaera nahaspilatsua. Atzo, estreinakoz, aldaketa nabarmena egin zuen bere bertsioan: gaua ez zuen alabarekin Zarauzko Montetxio inguruko txabola batean eman, herriko malekoian baizik, itsasoa aurrez aurre zutela. Ukatu egin zuen guztiz berak inolako loturarik izan zuenik alabaren heriotzarekin. Nolanahi ere, haurra hilotz agertu zenetik, preso hartuta dago; haren aurkako bilatze agindua zegoelako atxilotu zuten hasiera batean. Bikotekide ohi eta haurraren amari eraso egiteagatik ari ziren haren bila, bai eta alaba bahitzen saiatzeagatik ere. Orain, alaba itsasora botatzea egozten diote; fiskaltzak eta herri akusazioak —Clara Campoamor elkartea ari da— 23 urte eta erdiko zigorra eskatzen dute. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du, gizona zigortzeko aski froga ez daudela argudiatuta; eskizofrenia duela ere nabarmendu du.

Hunkidura eragiten zuen, atzo, akusatuaren azalpenei lotuta, umetxoaren azken orduak irudikatzeak. Nora joan ez, eta kale gorrian pasatu zituzten gaua eta eguna aita-alabek. «Umeak ez zuen negarrik egin, oso pozik zegoen». «Esnea, zukua eta gailetak eman nizkion; lo hartu zuen». Umearen amarekin hainbat urtetan izandako bikote erlazio gatazkatsuaren barrunberik ilunenetan sakondu nahi izan zuen gizonak. «Kontatu egin nahi dut zer gertatu zen, jendeak jakin dezan». Baina fiskalak —galderak egiten aurrena— zehaztasuna eskatu zion, batez ere umetxoa itsasoan hilda agertu zen aurreko orduetan zer jazo zen argitzeko.

Liskarra izan zuen bikotekidearekin, eta Eibarren (Gipuzkoa) bizileku zuten etxea utzi egin behar izan zuten. Andreak alaba utzita alde egin zuela dio, eta ondoren telefonoz hainbatetan hots egin bazion ere hark ez zuela azaldu umearekiko interesik. Eguna Durangon (Bizkaia) eman zuten. «Edanean eta drogak kontsumitzen ibili nintzen; urduri nengoen». Adiskide batekin zegoen, eta, aitortu zuenez, hura arduratu zen umeari kasu egiteaz. «Ni ez nintzen gai». Iluntzean, ordea, bakarrik geratu ziren aita-alabak. «Trena hartu, eta Zarautzera joan ginen». Orain arte esplikatzen zuen Montetxio inguruan zegoen txabola batean eman zutela gaua. Atzo, aldaketa: «Malekoian egin genuen lo, goma-aparrezko koltxoi batzuk jarrita». Esan zuenez, umea desagertu berritan ezkutatu zuen datu hori gizarte zerbitzuek haurtxoaren zaintza kenduko zioten beldur zelako. Bertsio hori aldatzeko zergatik itxaron duen orain arte galdetu zion fiskalak, eta esplikatu zuen inork galdera egin ez dionez ez duela zehaztapena egiteko erarik izan. Plan bat zuela dio: haurtxoa Madrilera eramatea zen bere nahia, han bere amari —umearen amonari— zaintza emateko. «Mutil batekin nengoen harremanetan, Madrilera eraman zezan».

Lekukoen hitza

Deklarazioan izan ziren kontraesanak, alde ilunak. Ondoren, hainbat lekukoren txanda. Gizon batek, esaterako, azaldu zuen umea hil zen egunean, goizeko bostak aldera, Montetxiotik jaisten ikusi zuela akusatua, zama handi batekin, eta itxura batean, lasai. Epaimahai batek ebatziko du auziari buruz. Adi entzun zuten atzo saioa. Iluna, eta minbera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.