Zoritxarrez, eta egia izan ez arren, pertsona immigranteen aurkako aurreiritzi eta zurrumurruak errotuta daude gure gizartean. Gainera, ziurgabetasun eta austeritate garai hauek erregaia dira kanpotik etorritako pertsonen gaineko falazietarako. Hala, txarto bideraturiko frustrazio askoren pagaburu bihurtzen dira". Eneko Goia Donostiako alkateak, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, Imanol Landa Getxoko alkate eta Eudeleko buruak, Maria Urbieta Bizkaiko Caritaseko ordezkariak, Silvana Luciani Gipuzkoako SOS Arrazakeriakoak eta Rosabel Argote CEAR Euskadiko kideak aurkeztu dute.
Hainbat udal, erakunde publiko eta eragile sozialek bat egin ZASekin, eta sare hori handitzea dute helburu. Gainera, zurrumurruen aurkako estrategiari jarraiki, "ezaguera eta praktika onak aztertzeko gunea" izan nahi du ZASek. Lan esperientziak bateratu eta koordinatuak sortu nahi dituzte, dokumentuak eta ezagutza materialak landuz, baita zurrumurruen aurkako ekintzen katalogo bat sortuz ere, gero sarearen bidez banatzeko.
ZASen bidez, sinergiak sortzeko lankidetza gunea finkatu eta sendotu nahi dute, "ezinbestekoa" dela iritzita: "Alor hori lantegi eta kezkategi baitugu: xenofobiari eta arrazismoari aurrea hartzea". Zurrumurruei aurka egiteko dauden "estrategia anitzen" izendatzaile komun izan nahi du, baita ere, ZASek: "Beharrezkoa da bakoitzaren autonomia, lan metodologien garapena eta lurralde bakoitzean aproposenak kontsideratzen diren tresnak errespetatuta egitea". Horrez gain, "loturak eta lan gune antolatu eta sortzaileak eratu" nahi dituzte antzeko ekimenekin.
Webgunea abiatu dute, eta, horrez gain, Twitter eta Facebook kontuak ere zabaldu dituzte.