Gaur kaleratu du 31orrialdeko autoa Espainiako Auzitegio Nazionalak eta 'Egunkaria auzia'-rekin aurrera jarraituko du. Auzitegi Nazionalak ez du auzia artxibatuko. Zazpi auzipetu daude eta zazpien auzipetzea berretsi du gaur Zigor Aretoko 2.salak.
Autoak dioenez ETA eta Euskaldunon Egunkaria lotuta egon daitezkeela esateko arrazoiak badaude ETAko kideei ustez atzemandako gutunetan ikus daitekeenez. Beraz, auzia artxibatu gabe epaiketa egiteko bide jarraitzeko arrazoiak badaudela dio Auzitegi Nazionalak Juan del Olmo epaile Intruktorearen ikerketarekin jarraituz.
Fiskalak zazpi auzipetzeak bere hartan mantentzeko eskatu zuen urtarrilaren 27ko auzi-saioan
Miguel Angel Carballo fiskalak Egunkaria auziko zazpi auzipetzeak berresteko eskatu zuen urtarrilaren 27an Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Salan egindako auzi-saioan. Fiskalaren ustez, delitu zantzuak badaude, «nahiz eta auzipetze autoetan agertzen diren zantzu batzuk eztabaidagarriak izan». «Gero ikusi beharko da elementu nahikoa badauden zigor epaia emateko», baina auzibidea hasteko nahikoa arrazoi badaudela uste du.
Autoetan dioena oinarri hartuta, ez dago auzipetzeetarako arrazoirik, berriz, zazpi auzipetuen defentsa abokatuentzat. Akusazioek oinarririk ez dutela eta auzia bertan behera uzteko eskatu zioten Salari auzi saio hartan. Iñigo Iruin abokatuak Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Martxelo Otamendiren dei helegiteen azalpenean haien kontrako auzipetzeak bertan behera uzteko eskatu zuen. Auzmendiren, Torrealdairen, Uriaren eta Zubiriaren defentsa abokatuek, berriz, eskatu zuten auzia artxibatzeko.
2004ko azaroaren 4an Juan del Olmo epaile Instruktoreak agindutako auzipetze autoak bertan behera uzteko eskatu zuen Iruinek «probabilitate epairik» ez dagoela argudiatuz, eta hori beharrezkoa da auzipetzeak erabakitzeko. Alegia, delitu zantzu argiak ikusi behar dira prozesamendu auto bat argudiatu eta emateko. Eta kasu honetan auzipetze autoan ez dago zantzurik, susmoetan eta espekulazioetan oinarritzen da, Iruinek azaldu zuenez.
Iruinen arabera, auzipetze autoa argudiatzeko Guardia Zibila eta epaile instruktorea dokumentuak bata bestearen gainean jartzera mugatu dira, inolako lotura eta ordenik gabe, eta dokumentu horiek, ez dute frogatzen inondik inora auzipetuek ETArekin loturarik izan zezaketenik, besteak beste, dokumentu bat bera ere ez dagoelako ETAk Egunkaria-ri zuzendutakoa, edo alderantziz.
Egunkaria erakunde terroristatzat duen edo ez ez du zehazten Del Olmok. Horretarako oinarririk ez, eta «zeharkako integrazioa» egon daitekeela esaten du. «Formula hori erabiltzen dute ezin dutelako Egunkaria-ri talde terroristaren ezaugarria egotzi. Baina horrek Zigor Legedia urratuko luke».
'Egunkaria auzia'
Zazpi auzipetzeak bere horretan mantentzea erabaki du Auzitegi Nazionalak, eta epaiketarako bidea zabaldu du
'Egunkaria auzian' auzipetutako Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Txema Auzmendi, Xabier Alegria eta Xabier Oleagaren defentsek aurkeztutako babes helegitea atzera bota, eta prozesamenduarekin aurrera jarraitzea erabaki du Espaniako Auzitegi Nazionaleko 2. Salak. Horrenbestez, epaiketarako bidean jarri du auzi hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu