Zazpi eta bederatzi urte arteko zigor eskaerak hamar gazterentzat

Hernaniko gazteen aurkako «epaiketa politikoa» salatu du Eleak-ek; larunbaterako manifestaziora deitu du

Eleak mugimenduak atzo egindako agerraldia. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Irailaren 18tik 28ra bitartean Hernaniko hamar gazte epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zazpi eta bederatzi urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haientzat, Segi gazte erakundeko kide izatea leporatuta. Eleak mugimenduak salatu du jarduera politiko eta sozialagatik epaituko dituztela hamarrak, eta manifestaziora deitu du Hernanin datorren larunbaterako, atzo iluntzean egindako prentsaurreko jendetsuan. Datozen asteetan epaituko dituzte, baina ez da atzo goizekoa gazte horien polizia etxeetako, espetxeetako eta epaitegietako ibilera.

2009ko martxoaren 31n egin zuen Espainiako Poliziak Hernani eta Urnietako gazte horien aurkako operazioa, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Goizaldean egin zuten operazioa, eta «egoera oso bortitzak» jasan behar izan zituztela jakinarazi dute gazteek. Zortzi izan ziren atxilotuak, eta, etxeko miaketez gain, bost eguneko inkomunikazio aldia pasatu behar izan zuten guztiek. Horietako zazpik tratu txarrak ere salatu zituzten. Horrez gain, beste bi gazteren aurkako atxilotze agindua ere eman zuen Garzon epaileak, eta beren burua aurkeztu zuten Espainiako epaitegian. Hamarretik zortzi espetxera sartu zituzten, eta beste bi baldintzapean aske geratu ziren; horietako bat, 10.000 euroko bermea ordainduta.

Espetxeratu zituztenetako gehienek hilabeteak egin dituzte Madril inguruan (Espainia), behin-behinean preso. 10.000 eta 40.000 euro arteko bermeak ordaindu dituzte baldintzapean kalera irteteko. Gazteek berek adierazi dutenez, ordea, Hernanikoena ez zen gisa horretako lehen operazioa izan, ezta azkena ere.

Izan ere, 2005. urtean legez kanpokotzat jo zituen Jarrai-Haika-Segi gazte erakundeak Espainiako Auzitegi Nazionalak. 2007ko urtarrilean, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenak «terrorista» izendatu zituen erakundeok, horietan jardutea gutxienez sei urteko espetxealdiarekin zigortuz. Geroztik, berrehun gaztetik gora atxilotu dituzte horregatik. Gazte 1+ez! plataformak jakinarazi zuenez, horietako askok torturak eta espetxea pairatu dituzte. Orain, Hernaniko gazteak bezala, epaiketa noiz egingo zain daude horietako asko.

«Jardun militantea, jazarria»

Hamar gazteak «gazte eta ezkertiar ikuspegitik independentismoa bultzatzeagatik» epaituko dituztela salatu du Eleak mugimenduak, eta oharatarazi du gaur egun ere jende askok jarraitzen duela jazarria erakunde sozial zein politikoetako kide izate hutsagatik. Horrela, «epaiketa politiko guztiak eta eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten legeak» bertan behera uzteko eskatu du Eleak-ek. Larunbatean, manifestazioa eta ekitaldia egingo dituzte Hernanin. 19:00etan izango da, herriko plazan, «eskubide zibil eta politikoen alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.