Zazpi gizonezko atxilotu dituzte emakumeen kontrako indarkeriagatik

Gasteiz, Tutera, Arguedas, Imarkoain, Atarrabia eta Donostian (bi) izan dira atxiloketak.

2007ko apirilaren 17a
16:10
Entzun
Azkeneko egunetan Euskal Herrian zazpi gizonezko atzeman dituzte emakumeen kontrako indarkeriagatik. Atxiloketa bat Araban izan da (Gasteizen), lau Nafarroan (Tutera, Arguedas, Imarkoain eta Atarrabian) eta bi Gipuzkoan (Donostian).

Gasteizen emazte ohia ustez jotzeagatik atxilotu dute 24 urteko gizonezkoa

Gasteizen udaltzainek 24 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean, ustez bere emazte ohiari jo egin ziolako. Gizonezkoa emakumearen etxera joan zen, harekin hitz egin nahian, berak esan zuenez. Emakumea atarira jaitsi zenean, senar ohiak heldu eta bultzada eman zion, eta ondoren jo egin zuen aurpegian. Bizilagun bat iristear zela ikusita, utzi egin zion kolpatzeari. Emakumea etxera igo zenean, gizonezkoak barrura sartzea lortu zuen. Biktimak (26 urte) esan zion poliziari deituko ziola, eta orduan aldegin zuen ustezko erasotzaileak.

Udaltzainak etxera heldu zirenean, emakumeak kolpeak zituela ikusi zuten, eta ospitalera lagundu zioten. Haren senar ohiaren bila hasi ziren gero; ondoko lokal batean aurkitu zuten. Beste bi aldiz atzeman izan dute, arrazoi beraiengatik.

Nafarroan tratu txarrak

Nafarroako foruzainek tratu txarrak eragiteagatik eta urruntze aginduak hausteagatik lau gizonezko atzeman dituzte azkeneko egunetan.

Tuteran adin txikiko mutil bat atxilotu zuen atzo, bere familian tratu txarrak eragiteagatik. Amak berak sartu zuen semearen kontra parte. Etxeko zenbait gauza puskatu izana ere salatu zuen amak.

Arguedasen 50 urteko gizonezkoa (A.L.S.) atzeman zuten igandean. Haren bikotekide ohiak salatu zuen, gizonezkoak urruntze agindua hausten zuela-eta.

Imarkoainen 28 urteko gizonezkoa (M.J.P.Q.) atzeman zuten asteazkenean, ustez emakume bati muturrekoa emateagatik. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten, artatzera.

Atarrabian 34 urteko gizonezkoa (N.A.A.O) atzeman zuten atzo, bertako eta Burlatako udaltzainen artean, bikotekide ohia ustez jotzen saiatzeagatik eta hari armaz mehatxu egiteagatik. Ustezko erasotzaileak urruntze agindua zeukan eta hautsi egin zuen.

Donostian bi gizonezko atzeman dituzte sexu abusuak eragiteagatik emakumezko bati

Donostian, berriz, Ertzaintzak 28 urteko (M.M.) eta 39 urteko (H.W.) gizonezkoak atxilotu ditu, emakumezko bati sexu abusuak eragiteagatik modu bortitzean, Ertzaintzaren arabera.

Igande goizean gertatu zen ustezko erasoa, Kontxa pasealekuan. Bi gizonezkoak haren gainera joan ziren, lurrera bota zuten eta sexu abusuekin hasi ziren. Emakumearen mutil-laguna hara azaldu zenean, ustezko bi erasotzaileek ihes egin zuten. Handik gutxira atxilotu zituen Ertzaintzak.

Biktima Donostiako ospitalera eraman behar izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.