Urtarrilean Portugaleten (Bizkaia) ama hil zuen gizonari zazpi urteko espetxe zigorra ezarri dio Bizkaiko Probintzia Auzitegiak: senide bat hil izanaren larrigarria jarri diote, baina zigor urteak murriztu dizkiote, nahasmendu psikologikoaren aringarri partziala aplikatuta. Gizona drogen eraginpean aritu zela argudiatuta, aringarri hori eskatua zuen defentsak, baina epaimahaiak ez du onartu: errealitatea ulertzeko gaitasuna murriztua zuen, baina ez era larrian.
Urtarrilaren 10ean aurkitu zuten Elvira Lopezen gorpua, bere etxean; 92 urte zituen, eta alzheimerra zuen. Ama egun batzuk lehenago hil izana onartu zuen akusatuak; argudiatu zuen bere buruaz beste egiteko asmoa zuela —zaurituta aurkitu zuten poliziek—, eta ez zuela andrea bakarrik utzi nahi. Hilaren 3an hasi zen epaiketa Bilbon, eta joan den astean epaia ema zuen zinpeko epaimahaiak: errudun jo zuten. Era berean, fiskalak zigor eskaera murriztu zuen: 21 urte ez, hamabost galdegin zituen. Orain, zigorra ezarri du epaileak: zazpi urteko espetxealdia.