Defentsarako abokatuen lana amaituta, azken hitza hartzeko aukera izan zuten auzipetuek auzia epaiaren zain geratu aurretik. Hiruk baliatu zuten aukera: Joseba Garmendiak, Maribi Ugarteburuk eta Larraitz Sanzberrok. Auziaren azterketa orokorra egin zuten lehen biek. Hirugarrenak, berari buruz esandako gezurrek egindako mina agerian utzi, eta «egiak argia ikustea» beste desiorik ez duela azaldu zuen.
Duela zazpi urte Udalbiltzaren aurkako auzia abiatu zenetik, auzipetuek egindako «delituak zeintzuk diren jakiteko jakin-mina» dutela adierazi zuen Garmendiak. Eta, akusatuen aulkitik igaro ondoren ere, jakinmin horrek ase gabe jarraitzen duela azaldu zuen.«Akusazioek egindako galdera gehienak politikoak izan dira. Non dago orduan delitua?», hausnartu zuen. Egindako ekimen politiko guztiak gardenak, zilegiak eta publikoak izan zirela azaldu zuen. «Hor ez dago deliturik».
«ETAkoak gara? Hau sorpresa! Jakin gabe gara ETAko kide!», esan zuen. Ordenu konstituzionala ordezkatzea ere egotzi dietela gogoratu zuen, eta, horretarako, nazio eraikuntza «kriminalizatu» dela. «Nazio eraikuntzan bai, horretan aritu gara, gure estilo propioan, baina hori ezin da kriminalizatu; nazio eraikuntza ez da ETAren ondarea», ohartarazi zuen.
Egungo egoera kontuan hartuta eta ideologia zein eskubide guztiak errespetatuta, nazio izaeran sakondu nahi zutela azaldu zuen, 2006an Loiolan ezker abertzaleak, EAJk eta PSEk oinarri izan zuten idazkiaren esaldi bat bere eginda. Helburu politikoak «bide demokratikoetatik» bideratzeko nahia ere bazutela azaldu zuen, eta, horretarako, «ahalik eta pluralen» izaten saiatu zirela. «Horregatik tematzen ginen alde guztietako hautetsiak behin eta berriz gonbidatzen».
Horiek esanda, «eskaera bakarra» egin zion epaimahaiari: «Justizia egin dadila», beraz akusatu guztiak absolbitu ditzatela, eta «bakerako baliagarri izan daitekeen ari berriari oztoporik ez diezaiola jarri».
«Barru barrutik» hitz egin zuen Ugarteburuk. «Zazpi urteren ondoren, oraindik ez dakigu zer egiten dugun hemen; hori da dugun sentsazio nagusia: ez dakigu ze kalte egin genuen».
Akusatuen aulkian eseri dituztenen «zilegitasuna» aldarrikatu zuen. 21 horietatik 19 hautetsi izanak direla ohartarazi du; «demokratikoki hautatutako» lau alkate zirela, eta hamabost zinegotzi epaitu dituztela. Eta Euskal Herritik zein nazioartetik jaso duten babesaren berri eman zion epaileari: 2.500 hautetsik sinaduren bidez, eta 50 udal baino gehiagok mozio bidez haien zilegitasuna aldarrikatu eta auzia artxibatzeko eskatu dutela. Eusko Legebiltzarrak ere eskaera bera 2008an egin zuela ohartarazi zuen. Eta, babesa eman dietenen artean, Euskal Herriko alderdi ia guztietako kideak daudela azaldu zuen: PP ez beste alderdi guztietakoak. «Baita PSE-EE eta PSNkoak».
Udalbiltza Euskal Herriari nazio instituzio bat emateko sortu zela azaldu zuen Ugarteburuk. Ia 2.000 hautetsik sortu zutela, udal oinarrien gainean. «Horixe da Udalbiltza, eta ez estatu paralelo bat». «Ez zigun ez ETAk ez beste inork agindurik eman. Gure borondatez aritu ginen, eta gustura», ukatu zuen beste akusazioa.
Edozein kasutan, orduko egoerak sorreran lagundu zuela onartu zuen. Lizarra-Garaziko garaiak zirela, eta «oso une garrantzitsua» zela «gatazka odoltsuari konponbidea emateko».
Hortaz, «bakerako baliabidea» ere izan zela dio Amorotoko alkate ohiak. «Guztiak barnebilduko zituen konponbidearen bila» ere aritu zirela, betiere «euskal herritar guztien eskubide guztiak ipar gisa hartuta». Euskal Herriko Eskubideen Karta horixe zela azaldu du azken hitzan ere. Ez zuela zerikusirik, akusazioek dioten bezala, ETAk proposatutako Alternatiba Demokratikoarekin.
Lizarra-Garaziko akordioa hautsi eta «urak asko nahasi» zirenean ere, «esperantzaren argiari» eutsi beharra sentitu zutela dio, eta horregatik jarraitu zutela Udalbiltzan lanean, etorkizunerako baliagarri izan zitekeelakoan. Beraz, «kezkatuta» dauden arren, auzipetuak «egindako ekarpenarekin harro» daudela esan zuen Ugarteburuk.
Eskaera batekin amaitu zuen hizketaldia: «Argia ikusten ari den bide berria itxiko duena ez dadila epaimahai hau izan erregutzen dugu».
Zazpi urteren ondoren, justizia aldarrikatu dute akusatuek
Konponbiderako aukera berriari bidea ez ixteko «erregutu» dio Maribi Ugarteburuk epaimahaiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu