ENBA nekazal sindikatuak "kudeaketa kaotikoa" egin izana leporatu dio Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari, zebra muskuilua espezie arrotz eta harrapatzailea zabaltzea eragozteko neurririk ez duela hartu salatuta.
Duela hilabete eta erdi baieztatu zuten muskuilu mota horren presentzia, Uribarri-Ganboako (Araba) urtegian. Zehazki Ebroko Konfederazio Hidrografikoak muskuilu larbak atzeman zituen han. ENBAren esanetan, aurkikuntza hori "bereziki kezkagarria" izan zen, urtegi horrek hornitzen baitu urez Bilbo handia, eta hornidura prozesuan larba horiek itsasora iritsi eta han ugal daitezkeelako.
"Eusko Jaurlaritzak bere betekizunetan huts egin du, eta ahalbidetu egin du zebra muskuilu Euskadin sartzea", salatu du sindikatuak. Halaber, gogor kritikatu du Gasteizko gobernua, bere ustez ez duelako zebra muskuilua zabal ez dadin estrategiarik finkatu, ezta beste administrazio autonomikoekin koordinaziorik garatu ere.
Zebra muskuiluak Itsaso Beltzean eta Kaspiar Itsasoan du jatorri, eta zabaltzen den lekuetan milaka milioi euroko galerak eragiten ditu. Ingurumenari, tokiko muskuilu espezieei eta ur hornidura sistemei kalte egiteaz gain, zebra muskuiluaren metatzeak hoditeriak eta bestelako bide hidraulikoak traba ditzake.
Ingurumena
Zebra muskuiluaren auzian "kudeaketa kaotikoa" egotzi dio ENBAk Eusko Jaurlaritzari
Sindikatuaren iritziz, Ingurumen Sailak ez ditu neurriak hartu espezie hori zabaltzea eragozteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu