Zein estatus nahi duen zehazteko eskatu dio Lopezek Urkulluri

Urkulluk esan du Espainiatik banandu gabe «herri osoa» izan nahi duela, elkarbizitza duela xede eta proposamena egingo duelaKonstituzioa betetzeko eskatu du EAJk; Mintegik, berriz, aldatu behar bada aldatzeko

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Ondo kalkulatutako anbiguotasun nazionalista» uzteko eskatu dio Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak eta PSEko hautagaiak Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiari. «Argiak izan behar dugu, eta ez ditugu herritarrak engainatu behar». Izan ere, Lopezek ez dauka batera argi EAJk estatus politiko berriaz hitz egiten duenean zehazki zertaz ari den. «Urkulluk zer nahi duen eta zer proposatzen duen argitzea gustatuko litzaidake. Herritarrei azaltzea zer esan nahi duen 'Euskal Estatu gehiago' esaten duenean, zehaztu dezala zertaz ari den 'Espainiarekin banandu gabeko estatus politiko berriaz' hitz egiten duenean. Badirudi EAJk ez duela Espainiatik alde egin nahi, baina bere komenientzien araberako ezkontza nahi duela».

Berak zer proposatzen duen «argi» esan du Lopezek: «Elkarrekin bizitzen jarraitzeko defendatzen dut nik autogobernua». Identitate bat besteari «inposatuko ez zaion egoera» bultzatu nahi du, elkarbizitzarako «ahalik eta adostasun handienak» lortuz, eta «zatiketaren» kontra eginez. Lopezek bere blogean idatzi duenez,kontua ez da euskaldunak eta espainiarrak desberdinak direla; «kontua da euskaldunok desberdinak garela geure artean, gure izaeran eta euskaldun sentitzeko moduan».

Autogobernuak, haren ustez, «desberdinen arteko itunaren zentzu sakona» du, eta alderdi federalista bateko kide dela azpimarratu du Lopezek.

Hitz nahasgarriak izan zituen Urkulluk herenegun. «Herri osoa» nahi duela esan zuen, Europan integratuta. Baina horretarako Espainiatik «banantzea» ez duela proposatzen gaineratu zuen, baizik eta «elkarbizitza» nahi duela. Madrilen egin zituen hitzok. «Leialak» izan eta Espainiako Konstituzioa betetzeko eskatu zien PPri eta PSOEri, nabarmenduz, han jasota dagoela Espainia «estatu plurinazionala» dela. Kataluniaren eta Euskal Herriaren arazoak desberdinak direla ere nabarmendu zuen Urkulluk, eta, beraz, konponbideek ere desberdinak behar dutela izan.

Akordioa behar dela azpimarratu zuen, eta EAJk horretarako proposamena egingo duela ohartarazi: «Inork ez dezala pentsatu estatuaren ahuldadea baliatzen ari garela ameskeria subiranistak aldarrikatzeko». EAJrena Kataluniako aldarrikapenetatik datorren «proposamen oportunista» ere ez dela esan zuen jeltzaleen lehendakarigaiak.

EH Bildu estatu librearen bila

EAJrekin bat egin du EH Bildu koalizioak: «Euskal Herriaren egituran eta estatuaren eraikuntzan gehiago sakontzeko eta elkarlanerako prest gaude», esan zuen herenegun Laura Mintegi lehendakarigaiak. Hala ere, beren ahaleginak «Europan estatu libre bat lortzearen aldekoak» izango direla ohartarazi zuen. Urkulluk «leialtasun osoa» azaldu zion bakegintzan Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari. Honela erantzun zion Mintegik: «Guk leialtasuna Euskal Herriari zor diogu, eta Europan estatu libre baten alde lan egiten duen ororekin jardungo dugu elkarlanean».

Urkulluk Espainiako Konstituzioa betetzeko eskatu zuen, baina Mintegik, aldatu behar bada, aldatzeko. «Aintzat hartzen dugu Katalunian hizpide dagoen erreferendumak egiteko aukera. Horrek Konstituzioarekin topo egiten badu, Konstituzioa aldatu beharko litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.