Zelaak salatu du hezkuntza «soilik dirudunentzat» izatea nahi duela Wert ministroak

Jaurlaritzak adierazi du ez duela unibertsitateko matrikulak garestitzeko asmorik; aztertu egingo duela esan du Iribasek

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Elitismo nahia, hezkuntza guztientzakoa ez izateko helburua, ikusi du Espainiako Gobernuaren murrizketen atzean Isabel Zelaak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak: «Soilik dirudunentzat bideratu nahi dute hezkuntza». Unibertsitateko prezioak garestitzea ez du babestu Jaurlaritzak, eta iragarri du ez duela asmorik EHU Euskal Herriko Unibertsitateko matrikulak garestitzeko. «Euskadin ez da inor geratuko unibertsitatera joan gabe baliabide faltagatik». Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak esan du aztertuko duela gaia; unibertsitateko kideekin hitz egingo duela adierazi du.

Murrizketak salatu ditu Zelaak, eta ohartarazi du dirua aurrezteko asmoa baino gehiago dagoela horien atzean. «Erasoaldi bat da, hezkuntzako alderdi aurrerakoiena, hezkuntza erabat zabalduta egotea, berriro aztertzeko». Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroari kontuak eskatu dizkio, mahai gainean jarri dituen neurriek izango dituzten ondorioak direla eta: «Inork ez ditu jaten etorkizuneko uztaren haziak, ezta tribuek ere. Orain inbertitu egin behar da etorkizunean ekarpena egin ahal izateko».

Lan eskaintza, ekainerako

Murrizketa horiei bizkar emateko asmoa duela nabarmendu du Jaurlaritzak. Unibertsitateko tasak ez ditu igoko —Madrilek esan du erkidego bakoitzak erabaki beharko duela—; gainerako irakats aldietan zer gertatuko den ez dago argi, ikusteko baitago erkidegoak behartuko ote dituzten neurriak betetzera. «Autonomian atzera egin nahi dute», esan du Zelaak. Gaur onartuko duten dekretua ikustean erabakiko dute auzitara jo edo ez. Atzera ez dutela egingo nabarmendu du: jakinarazi du lan eskaintza publikoko azterketa ekainaren 16an egingo dutela.

Ez du bide beretik jo Iribas Nafarroako kontseilariak. Ez du baztertu prezioak igotzea; egoera aztertu behar dela esan du. Berdintasuna bermatuko duela esan du: «Matrikulak garestituz gero, indartu beharko dira behar ekonomikoak dituztenentzako bekak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.