Zementuari desafio

Golf zelai bat eta 1.666 etxebizitza eraikitzeko asmoa dauka Bakioko Udalak, baina herritar asko proiektu horien aurka daude eta zalaparta handia piztu da herrian

IBAN OCIO BAKIO
2006ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ezta galtzerdi pare bat erosteko denda bat ere. Zerbitzu gutxi, makina bat etxe huts, baina golf zelaia eta txalet gehiago. «Aberatsentzat», Bakioko gazte mugimenduko kide Oier Bilbaoren hitzetan. Gogor salatu ditu Udalaren asmoak. Ez bakarrik Gaztelugatxeko biotopoaren ondo-ondoan eraiki nahia, herria «zementuz» betetzeko plan guztiak baizik. Denera 1.666 etxebizitza egingo dituzte 2010erako. Badirudi, gainera, kirol portua eta talasoterapia gunea ere badatozela. Bakiok horien beharrik ez daukala uste dute herritar askok, eta giroa bero-bero dago.

Ezker abertzaleko gazteak izan ziren mobilizatzen aurrenak. BakioD'oR kanpaina jarri zuten martxan urtarrilean, asfaltozko herri baten beldur. Golf zelaiarena zurrumurrua zen 2001etik. «Aukera moduan zeukan Udalak, baina orain ikusi da errealitatea dela». Errealitate «gordina». Izan ere, golf zelaia izango denaren azpiko belardiak ere kendu gura dituzte: hirigintza arauak aldatu eta 248tik 468ra pasatu da etxebizitza kopurua Ohija inguruan.

Horietatik guztietatik 40 txaletak izango dira. Babes ofizialeko etxe bakar bat ere ez. Arazoa, nolanahi ere, ez da etxeen prezioa. «Alkatearen herri proiektua» dago gatazkaren muinean, Bilbaok dioenez. «Beste Bakio bat gura du. Ahaldunen Bakio». Adibide argigarria jarri du: «Txakolina da herriaren ikur, baina mahastiak bota eta bota ari dira etxebizitzak eraikitzen jarraitzeko, eta alkateari museoa jartzea bururatu zaio». Txarretsi du txakolina «lau pareten artean gordetzea» baino hobe dela mahastiei eustea.

«Herria hondatzen ari dira espekulatzaileak». Bilbaoren hitzak berretsi ditu Iratxe Eguzkizagak,Bakio Pausoz Pauso baliogabe utzitako hautagaitzako kideak: «Salgai jarri dute herriaren ondarea».Txomin Renteria alkateak (EAJ) beraiekin hitz egin gura ez duela, baina «ganorazko azalpenak» nekez eman ditzakeela dio. «Udatiarrei begira dago eta bost axola zaizkio bakiotarrak».



ETXE HUTS GEHIEN DUEN HERRIA. Areago oraindik: planak moldatu eta hasieran baino etxebizitza gehiago eraikiko dituzte beste auzoetan ere. «Euskal Herriko herri guztien artean, Bakio da etxe huts gehien daukana. Neguan 2.000 biztanle gara. Udan 10.000 inguru. Udalak, ordea, dauden etxeak urte osorako bete baino nahiago du gehiago eraiki eta Bakio lotarako eta udarako herri bihurtu».

Proiektu guztiotatik ateratako mozkinak herrian bertan inbertitzen dituela azaldu die Renteriak herritarrei. «Kiroldegiarekin liluratuta dago». Etxeen salmentak eragindako diruaren %10 hartuko du Udalak. Sosak biltzeko eta izadia zaintzeko alternatibak badaudela dio Eguzkizagak, nolanahi ere. «Golf zelaiaren ordez ibilbideak antolatu eta txaleten ordez kanpina jarri». Baina ez Gaztelugatxe parean. «Geratzen den berdegune bakarretakoa da».

Kanpina jartzeko hainbat herritarrek eskatu diote Udalari. «Golf zelaia herritar bakar batek, baina proiektu horrek bakarrik egin du aurrera». Alkateak eta zinegotzi izandako batzuek kolpetik aberastu ote nahi duten susmoa dute bai Eguzkizagak bai Bilbaok.



ZENTZUZKO GARAPENAREN ALDE. Zurrumurru hori dabil herrian, BakioSOS elkarteko kide Joane Boyrak berretsi duenez. Ezker abertzaleko kideen kezka bertsuak dauzka. Berriki sortu da BakioSOS: «Golf zelaiaren eta txaleten harira jaiotako mugimendua da. Orain, dena den, herri osoko hirigintza proiektuez arduratzen da». Zentzuzko garapena bultzatzen eta «alderdi politikoetatik ahalik eta urrunen» egoten saiatuko da.

Boyrak kritikatu du, bestela ere, EAJ buru duen udalbatzak «arrapaladan» onartu dituela azkenaldiko hirigintza proiektuak. Lurzoruen Legea badator eta, orduan, halakoak onartzeko traba gehiago izango dituzte. «Zentzuzko garapenaren aurkakoak» baitira aurreikusi baino 846 etxebizitza gehiago eraikitzeko planak.

Ohijak eragin du zalapartarik handiena, akaso. «Proiektuak ez du ingurumena zaintzen». Kalte egingo diote golf zelaia babesteko erabiltzen diren pestizidak. Inguruotan hainbat ubarroi -eta bestelako animaliak- bizi direla, etalurrak mugitzen hasi bezain pronto alde egin beharko dutela ere kritikatu du. Udalak, ordea, oraindik ez du egin proiektuak ingurunean izango duen eraginari buruzko azterketarik.

Ez hankarik ez bururik ez dauka proiektuak, BakioSOSeko kidearen hitzetan. «Golf zelai bat eta etxe gehiago baino behar handiagoak dauzka herriak. Taberna batzuk, okindegiren bat eta pizzeria bakarrik dauzkagu. Ezta galtzerdi pare bat erosteko denda ere». Lanik ez dago, gainera. Gazteek Mungiara alde egiten dute. «Baina Udalak uste du etxeak eraikita konponduko direla arazoak». Besterik uste dute herritar askok. «Herri otzana izan da Bakio beti, baina alkatea bera harrituta dago pizten ari den mobilizazioarekin». Ohijaren aurkako helegiteak jarri ditu BakioSOSek jada, eta bulegoetatik kalera eraman gura ditu protestak.

Alkatea tematuta baitago egitasmoarekin. «Herritar gehienak aurka badaude bertan behera utziko duen edo ez galdetu diogu, eta ezer ez digu erantzun». Gaztelugatxe ingurua hondatzea burugabekeria dela azaldu du Boyrak. «Jendea klimagatik doa Marina D'Or edota Benidormera. Bakiora, inguruneagatik dator».



«Golf zelaia aukera moduan zeukan Udalak, baina orain errealitate bihurtu da, errealitate gordina»

oier bilbao
Gazte mugimenduko kidea
«Herria aurka badago proiektua geldituko duen galdetu diogu alkateari,eta ezer ez digu erantzun»

joane boyra
BAKIOSOS ELKARTEKO KIDEA
«Udatiarrei begira dago Udala, bakiotarrak bost axola zaizkio eta salgai jarri du herriaren ondarea»

iratxe eguzkizaga
EZKER ABERTZALEKO KIDEA




plan aldaketak

Etxebizitza kopurua, lehen halako bi

Udalak moldaketa ugari egin ditu hirigintza planetan. Hauek dira aldaketak, gunez gune.

Ohija. Golf zelaiaz gain, 248 etxebizitza eraikitzeko asmoa zuen Udalak lehen, eta 436 eraiki gura ditu orain, bat bera ere ez babes ofizialekoa.

Bakea. Lehen halako hiru da etxe kopurua inguru horretan: 118tik 306ra pasatu da, eta 18 besterik ez dira izango babes ofizialekoak.

Solozarre. Auzo horretan eraikiko dute gazteentzako etxe gehien. Babes ofizialeko 70 etxe, denera. Udalak, nolanahi ere, sano handitu du etxe arruten kopurua: 116 orain, aurreko hirigintza planeko 50en aldean.

Renteria. Itzela izan da moldaketa: 98 etxetik 424ra. Eta babes ofizialeko 18 etxe besterik ez, horien guztien artean. Udalak dio hobeto aprobetxatu gura duela lurra eta horregatik igo duela kopurua.





«Herri turistikoa da Bakio, eta golf zelaia eskaintza garrantzitsua da»

Txomin renteria Bakioko alkatea
Golf zelaia eta ehunka etxe eraikitzeko planen aurkako herritarrak badaudela, guztien iritziak entzungo dituela, baina bera ere «herria» dela eta aurrera joko duela dio
i. o.

Bakio

Zalaparta handia piztu dela baina Bakiokoa «hirigintza eskandalua» ez dela dio Txomin Renteria alkateak. «Auzitara joko dugu kolpetik aberasteko asmoez hitz egiten dutenen aurka». Azpimarratu du bakiotarrak harro egon behar dutela herri turistiko batean bizitzeaz. Zerbitzu eskasiaz ere aritu da: «Zerbitzuak izateko, biztanle gehiago eduki behar ditugu, eta biztanle gehiago izateko, etxeak eraiki behar ditugu». Onartu du, nolanahi ere, herriko etxeen %65 udan bakarrik daudela beteta.

Herritarrak aurka agertuz gero, proiektua geldituko du Udalak?

Proiektu horretan sinesten dugu eta gure asmoa golf zelaia eta etxebizitzak egitea da.

Herritar gehienak aurka badaude ere?

Eta ni ez naiz herria? Herritar guztien iritziak entzungo ditut, aldekoak eta kontrakoak baitaude.

Herri galdeketa egiteko prest zaude?

Gauza denetarako ezin dugu erreferenduma egin. Golf zelaia eraikitzeko plana, ordea, aspaldikoa da. Jakina zen 2001ean, baina orain sortu da kezka. Zergatik? Onartzen dut proiektuaren aurka dauden herritarrak egotea, baina serioago jokatu behar dute. Zergatik ez dute inolako helegiterik aurkeztu gaurdaino?

BakioSOS elkarteak salatu du pertsona bakar batek eskatu zuela golf zelaia Udalak hirigintza proiektuen harira egindako galdeketan.

Batek, bik edo hiruk eskatu zuten ez dakit. Kanpoko enpresa batek egin zuen galdeketa. Eskatu, inork eskatu zuela badakit, ordea.

Kanpina askok eskatu ei zuten, Golf zelaiaren aldean.

Asmo hori ere badaukagu. Jendea etorri zaigu kanpina martxan jarri guran. Non jar daitekeen argi daukagu eta, une honetan, ikerketa egiten ari gara benetan beharra dagoen edo ez ikusteko.

Golf zelaiak, bestela ere, onurarik ekarriko dio Bakiori?

Bakio herri turistikoa da eta golf zelaia, herri turistiko moduan, eskaintza garrantzitsua izango da. Lanpostuak eragingo ditu, gainera: 12 bat lanpostu.

Eraikiko diren etxeekin eta zerbitzu faltarekin ere kezkatuta daude asko.

Zerbitzuak egoteko, jende gehiagok bizi behar du herrian, eta jende gehiago bizitzeko, etxe gehiago eraiki behar ditugu.

Etxe asko hutsik daude orain.

Herri turistikoa garelako. Harro egon behar dugu herri turistikoa izateaz. Egia da neguan 2.150 biztanle eta udan 10.000 inguru garela. Hau da, etxeen %35 daude beteta urtean, baina eraikiko diren etxebizitzei esker jende gehiago geratuko da bizitzen.

Udan bakarrik beteta dauden etxebizitzak ere askoz gehiagoizango dira.

Bai, neurri batean.

Babes ofizialeko etxe gutxi ditu hirigintza planak.

Herrian eraikiko diren 1.666etatik babes ofizialekoak 104 izango dira. Dena den, gehiago ere eraikiko ditugu beharra badagoela ikusten badugu. Ezer ez dago itxita. Eraikuntza lanak ez dira egun batetik bestera hasiko, eta planak moldatzeko aukera dago, jakina.

Hainbeste etxebizitza eraikita, kolpetik aberastu nahi izatea leporatu dizuete hainbat herritarrek.

Gezurra da, eta auzitara joko dugu halakoak leporatzen dizkigutenen aurka. Gauzak frogatu egin behar dira, eta inolako penarik ez dugu izango auzitara joateko. Ez dugu onartuko inork kolpetik aberasteko asmoez edota bestelako azpijokoez berba egitea. Aldundiari eta Jaurlaritzari igorri dizkiogu hirigintza egitasmoak, eta lege guztiak betetzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.