Egungo ekonomian dirua ondasun eta zerbitzuen hartu-emanerako erabiltzen den tresna da. Baina azken garaiotan diruak bitarteko izateari utzi dio, eta helburu bihurtu da. Badira Euskal Herrian, hala ere, kontrako xedearekin jaio diren diruak, txanponezko castell-ak eraikitzeko ez baizik ibiltzeko sortuak izan direnak. Izan ere, pilatuz gero, balioa galtzen dute, eta tokiko saltoki batetik bestera zirkulatzeko diseinatu dira. Zenbat eta azkarrago, gainera, orduan eta eraginkorrago. Tokiko dirua esaten zaie.
Euskal Herrian badira zenbait adibide ezberdin: euskoa, ekhia, axtrokia eta ogerlekoa. Ezberdin, Eunate Dalmau ekhiaren bultzatzailearen esanetan tokiko diruen artean “ez baitaude bi berdin”. Duela ia bi hilabete hasi zen martxan ekhia, Bilboko Zazpikaleetan, eta, geroztik, Dalmauk bi dirurentzako lekua du diruzorroan. Balio bera dute, euro bat berdin ekhi bat, nahiz eta eragiketa matematiko erraz hori, oraingoz, Bilboko Zazpikaleetako 26 komertziotan aplika daitekeen. Erabiltzaileek bi saltoki dituzte bertan, Platinela eta Piel de Mariposa, eta bertan eskura ditzakete 1, 2, 5, 10 eta 20ko ekhi billeteak balio bereko euroen truke. Zentimoen arteko diferentzia eurotan ordaintzen dute erabiltzaileek.
Eragiketa matematiko sinple horren atzean, baina, filosofia oso bat ezkutatzen da: “Helburua bera da tokiko moneta guztietan: dirua gehiago mugitzea. Baina ez gehiago kontsumitzea, hobeto kontsumitzea baizik. Bertoko ekonomia sustatzeak garraio beharrak gutxitzen ditu eta ekoizpen eredu ekologikoak sustatzen ditu”. Baina beharrezkoa al da beste diru bat horretarako? Dalmauk baietz dio. “Euroarekin sistema normalean dirua bankutik ateratzen da, diru hori gastatu egiten da eta atzera bukatzen du bankuan. Tokiko dirua, ostera, sare zarratua da. Eskuz esku doa, batetik bestera errebotatuz. Diru berdina da, baina bizkorrago mugitzen denez aberastasun gehiago sortzen du. Aberastasun kolektiboa, hain zuzen ere, komunitate osoarentzat mesedegarri delako”.
Bizkortasunaz mintzo da behin eta berriz, hori baita tokiko diru baten gako nagusietarikoa, eta nazioartean jarri ditu begiak.
“Adibidez, badago alemanian Chiemgauer izeneko dirua; euroaren aldean, sei aldiz gehiago mugitzen da. Ez da hori ohikoena, baina 2-4 aldiz gehiago mugitzea normala da. Mugimendu hori are eta gehiago bultzatzeko, adibidez, ekhiak iraungitze data bat du. Erabiltzaileari bilete bat eskuartera iristen zaionetik hiru hilabete ditu jaulki aurretik gastatzeko. Ostantzean, erabiltzaileak bilete hori berriztatzeko truke bulego batera eraman beharko du, eta balioaren %2 eurotan ordaindu. Halere, kantitate hori sinbolikoa da. Adibidez, Tolosan (Frantzia) sol violettarekin 10 euro baino ez dute lortu. Azken finean, zigor horrek hezkuntza tresna gisa funtzionatzen du, jendeak uler dezan dirua gordetzea alferrikakoa dela, diruaren funtzioa, azkenean, mugitzea dela”.
Euskoa, Euskal Herriko tokiko lehen dirua
2013ko urtarrilean jarri zen martxan euskoa iparraldean: hura da tokiko euskal dirurik zaharrena, eta egun Iparralde osoko 500 saltokitan erabil daiteke. Bi mila erabiltzaile ditu: denbora gutxian Europako tokiko diru hedatuenetarikoa bihurtutik. Orain arte tokiko elkarteak laguntzeko proiektuak eta ekonomia birtokiratzeko lanak sendotzea dutela helburu esan du Sebastien Christyk, euskoaz arduratzen den Euskal Moneta Elkarteko arduradunak. Horretarako, euskoetan ordaintzen duten erabiltzaileei hainbat eskaintza berezi egingo zaizkie, iparraldeko tokiko diruaren erabilera indartzeko. Eskaintza pista horiez gain, beste zenbait antolaketa egituratuago batzuk ere aztertzekoak dituzte larunbat honetan Uztaritzen, Euskal Moneta Elkartearen biltzar nagusiaren karietara, 09:00etan.
Epe laburrean lortutako emaitzekin gustura dago Maia Larralde, diruaren bultzatzaileetako bat: “Hastapenean, pentsatu genuen 126.000 eusko inprimatzea, bi urtean erabil zitezen, baina lau hilabeteren buruan bukatu ziren guztiak. Gehiago inprimatu behar izan genituen, eta, orain, 2014ko amaierara arte 350.000 eusko egongo dira zirkulazioan”.
Gorago esan bezala, “ez daude tokiko bi diru berdin”, eta euskoak ere bere ezaugarri propioak ditu. Esaterako, euskoak erabiltzen hasi baino lehen, erabiltzaileek izena eman behar dute Euskal Moneta Elkartean, eta horrekin batera elkarte bat izendatu beharko dute. Behin hori eginda, erabiltzaileak euskoak euroen kontra aldatzen dituen aldiro, aldatutako balioaren %3 izendatutako elkarteari igorriko zaio. Iazko urtean, irabaziekin izendaturiko 30 elkarteei 10.000 eusko pasatxo banatu zitzaizkien guztira.
Badira tokiko beste diru batzuk Euskal Herrian: axtrokia, esaterako, Eskoriatzako merkatu txikiak bultzatzeko udalak sortua. Eta helburu berarekin Aiaraldean sortu dena, ogerlekoa.
Eskoriatzako Udalak, esaterako, ordenantza fiskalaren barruan ematen dituen hobariak axtrokitan ematea erabaki du, eta hala, herritarrek diru laguntzak axtrokitan jasoko dituzte. Udalak antolatutako lehiaketetan ere, irabazleek axtrokiak eskuratu dituzte sari gisa. Nazioartean ere adibide ugari daude. Aipagarrienetarikoa Ingalaterrako Bristol pound dirua da. Bristolen, adibidez, alkateak soldata osoa Bristol poundetan jasotzen du.