Zenbatutako hildakoak baino %45 gehiago (eguneko laburpena)

Beste 31 pertsona hil dira azken orduetan koronabirusaren gaitzarekin lotuta; beste 442 positibo gehiago atzeman dituzte.

Desinfekzio gune bat, Nafarroako ospitalean. I. URIZ / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 25a
19:04
Entzun

COVID-19 koronabirusaren izurria ondorio dramatikoak uzten ari da Euskal Herrian. Azken datu ofizialen arabera, 1.643 hildako utzi ditu. Baina baieztatutako datuek diotena baina askoz larriagoa izan daiteke. Datu estatistikoen arabera, 2.700 hildako espero ziren martxoaren 16tik apirilaren 16ra bitarteko eperako, eta 4.500 pertsona hil dira (Espainiako Erregistro Zibileko eta Frantziako Estatistika Institutuko datuen arabera). Beraz, esperotakoa baino 1.800 herritar gehiago hil da. Tarte berean, koronabirusarekin gaixotuta, 1.250 hildakoren berri eman dute erakundeek. 550 hildakoen aldea (%45). Kopuru ofizialek zenbatutakoa baino askoz handiagoa da koronabirusarekin lotutako heriotza kopurua, Gari Goikoetxeak egindako erreportajea agerian utzi duenez. Grafiko interaktiboa Koronabirusaren azken datuak izenburuko albisteak ikus daiteke.

Gaur argitaratutako datuei dagokienez, deigarria da positibo berrien kopuruak ez duela beheranzko joera argirik erakusten. Joan den asteburuan, beheraka esanguratsu bat izan ondoren (411tik 139ra), azken hiru egunetan 400tik gora dago berriro: 502 ostegunean, 442 atzo, eta 442 berriro gaur. Osakidetzak egindako testen %7k eman du positibo, eta Osanbideak egindakoen %8,4k. Positiboen hazkunde tasa %2,3an dago.

Hildakoei dagokioenez, beste 31 pertsona hil dira azken orduetan, koronabirusaren gaitzarekin lotuta. Aurreko egunean baino 3 lagun gutxiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pertsona gutxiago hil dira, baina Nafarroan ez. Guztira, gaur arte 1.643 hildako zenbatu dira. Ospitaleratuen kopuruak beheraka jarraitzen du: 1.025 pertsona ospitaleratuta, bezperan baino 48 gutxiago (%4,4ko deshazkundea). ZIUn pertsona gutxiago dago: 160, atzo baino 3 gutxiago.

14 urtetik beherako haurrak bihartik aurrera kalera atera ahalko dira Hego Euskal Herrian. Gaur BOEn argitaratutako ministerio-agindu batek azaldu ditu irteera horien baldintzak.  

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka

 

Agian honek ere merezi du

Konfinatuak mintzo. Zer moduz daramazu konfinamendua? Zein kezka eragin dizkizu? Etorkizuna nola ikusten duzu? Konfinamenduaren 40. eguna igaro da, eta BERRIAk bederatzi herritarren bizipenak jaso ditu, lagin gisa. Itxialdia noiz amaituko irrikitan, itxaropena eta beldurra nahasturik.

Kuadrilla. Konfinamenduan badago ostiralero bideo-dei bidez elkartzeko ohitura duen kuadrillarik, pintxopotea egiteko. Horietako bat elkartu du Maider Galardi kazetariak eta hizkuntza ohiturei buruz galdetu die, Euskaraldiak proposatutako erronkari jarraituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.