Eguneko laburpena

Zenbatutakoak baino hildako gehiago

Beste 59 hildako zenbatu dira, bigarren kopururik handiena koronabirusaren krisia hasi zenetik

Gasteizko eskilara mekaniko bat. RAUL BOGAJO / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 9a
19:05
Entzun

Hildako kopuruari dagokionez, bigarren egun beltzena izan da. Gaur argitaratutako datuen arabera, azken 24 orduetan 59 pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusarekin gaixoturik. Egun beltzena apirilaren 1a izan zen, 61 hildakorekin. Hirugarren egunez jarraian, aurreko egunean baino hildako gehiago zenbatu dira. Araban, bezperan baino 8 hildako gehiago, Bizkaian 32 gehiago, Gipuzkoan 11 gehiago eta Nafarroan 8 gehiago. Positiboei dagokienez, beste 462 positibo gehiago atzeman dituzte, aurreko egunean baino gutxiago. Ospitaleratuen kopuruak gutxitzen jarraitzen du: guztira, 1.958 pertsona daude ospitaleratuta, bezperan baino 112 gutxiago.

Zein da COVID-19 koronabirusa hilkortasunean izaten ari den eragina? Hego Euskal Herrian hilkortasuna ia bikoiztu egin da koronabirusaren goraldian, Gari Goikoetxea kazetariak egin duen azterketaren arabera. Eredu matematikoek 938 hildako espero zituzten martxoaren 22tik apirilaren 5era, baina 1.774 lagun hil ziren. Uste baino 836 hildako gehiago. Egun horietan, COVID-19arekin lotutako 567 heriotzaren berri eman dute. Beraz, ondorioztatu daiteke zenbatutakoak baino gehiago direla koronabirusarekin hildakoak.  

Espainiako Kongresuak onartu du alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatzea. Horrez gain, Espainiako gobernuburuak aurreratu du alarma egoera berriro luzatu beharko dela. Hala ere, jarduera ekonomikoa normalizatuko dute astelehenetik aurrera, konfinamendu osoa amaitutzat joz. Datorren asterako, Espainiako gobernuburuak Moncloako itun berria egiteko bilera batera deitu ditu alderdiak, sindikatuak, patronala, autonomia erkidegoetako lehendakariak eta beste zenbait ordezkari. EAJ prest azaldu da parte hartzeko; EH Bildu, berriz, ez da joango.

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren zabalkundea herriz herri eta osasun eremuka

ZUZENEKOA: Azken orduko albisten kontakizuna

 

Agian honek ere merezi du

Testak, testak, testak. Konfinamendua arintze aldera testen erabilpena giltzarri izango da. Arantxa Iraola kazetariak testen inguruko argibideak bildu ditu. Hainbat eratako testak daude, adituek den premia izango dute. Estrategia egokiarekin asmatzea izango da gako nagusia. Euskal zientzilari talde batek COVID-19 atzemateko ordezko RT-PCR test bat balioztatu du. Horri esker, Euskal Herrian gaitza diagnostikatzeko test gehiago egin ahal izango dituzte. 

Termometroa. Koronabirus aroko eguneroko bat osatzen ari da Amagoia Gurrutxaga kazetaria, bost ahotsetara, hau da, bost lagunen eguneroko lekukotasunak bilduz. Kezkak, gogoetak, bizipenak... Bizimodu aldatuaren ispilu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.