Luis Maria Zengotitabengoa bizkaitarraren defentsak helegitea aurkeztu du hura Espainiara estraditatzeko aginduaren aurka, eta, horrenbestez, hilabete inguru beharko da Belgikako justiziak azken erabakia har dezan.
Abuztuaren 21ean Ostenden atxilotu zuten Zengotitabengoa, ETAko kide izatea egotzita. Joan den urtarrilean Elorrion (Bizkaia) bere etxean saiatu ziren hura atxilotzen, baina falta zen. Espainiako Poliziaren arabera, lehergailuz beteta Zamoran (Espainia) atzeman zuten furgoneta bat alokatzen parte hartu zuen.
Berak, ordea, ukatu egin du erakunde armatuarekin harremanik duela, eta Ostenden legezko egoeran bizitzen ahalegindu dela nabarmendu du. Paul Bekaert Zengotitabengoaren abokatuak jakinarazi zuen normaltasun osoz bizi zela Belgikako hiri horretan, Poliziak bazekiela Zengotitabengoa hirian bertan zegoela, eta Poliziari hirian egoteko eragozpenik ba al zegoen galdetu ziola, haren aurkako kargurik zegoen jakiteko. Bekaertek azaldu duenez, Poliziak arazorik ez zegoela erantzun zion, eta baimena eman zioten Ostenden jarraitzeko.
Horrez gain, Durangoko erakunde ofizial bati fax bat bidali zion, Ostenden zegoela jakinarazteko.
Atzeman zuten momentuan Ostenden astebete zeramala baieztatu du Luis Mari Zengotitabengoaren abokatuak, eta ordura arte kreditu txartela erabili zuela hoteleko faktura ordaintzeko. Nortasun agiri ofiziala ere erabiltzen zuen, faltsututako agiriz baliatu gabe.
Zengotitabengoak Erresuma Batura joan nahi zuela azaldu du haren abokatuak, pentsatzen zuelako handik ezingo zutela Espainiaratu.
Politika
Zengotitabengoaren defentsak helegitea jarri du Belgikatik estraditatzearen aurka
Abuztuaren 21ean atxilotu zuten Ostenden, ETAkoa izatea egotzita, baina berak ukatu egin du etakidea dela. Brujasko epaitegiak Espainiaratzeko eskaria onartu zuen iragan ostiralean, baina helegitea aurkeztuta hilabetez atzera daiteke azken erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu