Zentro-eskuinak kezka gutxi

Pirinio Atlantikoetan ezkerra nagusi zitekeelako hipotesiak bertan behera gelditu dira, bi sozialista Lasserreren aldera itzuli zirenetik.

ENEKO BIDEGAIN
2008ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina ofiziala heldu den astelehenean hasiko da Ipar Euskal Herrian. Udal hauteskundeez gain, kantonamendu hauteskundeak ere izanen dira. 21 kantonamendutatik 11 berrituko dira. Baina ikusmin gutxi piztu dute kantonamendu hauteskundeek. Udal hauteskundeen ondoan, ez dute lortzen toki bat egitea. Argi gehienak herrietara begira daudelako. Gainera, ez da aldaketa handirik espero, beraz kantonamendu bakar batzuk baizik ez dira interesa piztu dutenak.

Duela lau urte beste kantonamenduak berritu zirenean, Alderdi Sozialistak aulki anitz lortu zuen, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian. Paueko departamendu asanblea gehiengoz aldatzeko aukera ikusi zen, orain iraganen diren hauteskundeen perspektiban. Nahikoa izanen zen sozialistek UDF eta UMPren gehiengoari lau kantonamendu kentzea Pauen gehiengoa lortzeko. Pirinio Atlantikoetan 26 kantonamendu berrituko dira, eta PSk hiru kantonamendutan ukan dezake eskuinari tokia kentzeko aukera. Hiru kantonamendu horietatik bi Euskal Herrian dira: Hendaia eta Angelu Hegoaldea.

Hendaiako kontseilari nagusia Daniel Poulou da, UMPkoa. Bertako hauteskundeak justu-justu izanen direla aurreikusten da, eta Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez sozialistak irabazteko aukerak ukan ditzake. Angelun, Beñat Gimenez kontseilari nagusi zentrista (UDF-Modem) kinka txarrean da. Joera politiko bertsuko Battitt Mortalena ere aurkezten da haren aurka. Horrek ahulduko luke, sozialistak indartsu dauden garaian. Ez da ezinezkoa Guy Mondorge sozialistak irabaztea.

Paueko asanbleako giltza Jean-Michel Galant (Euskal Herria Bai) eta Alain Iriarten esku izan zitekeen, joan den udazkenean aldaketa batzuk gertatu ez balira. Monique Larran-Lange Baionako kontseilari nagusi sozialista Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko lehendakariaren (UDF) aldera pasatu zen. Gauza bera egin zuen Paueko (Biarno) Josy Poueytok ere.

Sozialisten bi hautetsi UDF-UMPren gehiengora pasatuz, ezkerrak anitzez zailagoa izanen du departamenduko asanbleako gehiengoa aldatzea. Horretarako, kantonamendu gehiagotan irabazi behar lituzkete hauteskundeak. Eta ez dirudi apustu erraza izanen denik, nahiz eta testuinguru politiko orokorra Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen (UMP) aurkako haizeek markatzen duten. Beste kantonamenduetako kontseilari nagusiak ongi errotuak dira beren aulkian.

Ipar Euskal Herrian bi aulki galtzeko arriskua badute ere, zazpi egin ahalak egiten ari dira Baigorriko kantonamenduan 2001ean galdu zutena berreskuratzeko. Jean-Michel Galant Abertzaleen Batasuneko hautagai nagusitu zen, orduan, eskuinaren zatiketaren ondorioz, hein batez. Orain ere zatiturik doa eskuina hauteskunde horietara. Jean-Baptiste Lambert Baigorriko auzapeza eta Jacques Irume Irulegikoa departamenduko gehiengoaren aldeko gisa aurkezten dira. UMPk hala eskaturik, lehen itzulian boz gutxien eskuratuko duena erretiratuko da, bigarren itzulian bestearen aldeko bozak eskatzeko. Baina zentro-eskuineko boz franko bil dezakeen Jacques Etxandi Anhauzeko auzapezak ez du bigarren itzulian erretiratzeko asmorik. Bigarren itzulian hiru hautagai lehiatzen badira, Jean-Michel Galantek bere aulkiari eusteko aukerak ukanen ditu.

UMPk Galant aulkitik bota nahi badu ere, aurkako jarrera hartu du Hiriburuko kantonamenduan. Ez du hautagairik aurkeztuko Alain Iriarten parean. Iriart ABko kidea da, baina independente gisa aurkeztuko da. Hiriburuko auzapez, hango hiri elkargoko eta Bil Ta Garbi hondakinen kudeaketarako sindikatuko lehendakaria da. Hauteskundeak irabazteko faborito nagusia da bere kantonamenduan. Haren hitzetan, ez du erabaki noren alde bozkatuko duen Kontseilu Nagusiko lehendakari posturako. Baina ez du ukatu Jean-Jacques Lasserrerekin lan egiteko ohitura eta harreman ona duela.



Abertzaleak elkarrekin

Duela lau urte zatiketa giroan iragan ziren hauteskundeak abertzaleentzat. Abertzaleen Batasunak hautagaiak aurkeztu zituen bere aldetik. Batasunak herri plataformek aurkeztu hautagaitzak sostengatu zituen. Eusko Alkartasunak eta EAJk ere hautagai batzuk aurkeztu zituzten. Aldi honetan, AB, Batasuna eta EA batera aurkeztuko dira, Euskal Herria Bai koalizioan. Aldiz, EAJk ez du bat egin hautagaitza horrekin. Hendaia eta Donibane Lohizuneko kantonamenduetan aurkeztuko ditu hautagaiak.





sIsTema

Kontseilu Nagusia. Pirinio Atlantikoak kudeatzen dituen erakundea. Pauen du egoitza nagusia. 52 kontseilari nagusiko asanblea batek osatzen du. Horietatik 21 Ipar Euskal Herrian aukeratuak dira.

Kontseilariak. Kantonamendu bakoitzean kontseilari nagusi bat hautatzen da, sei urterako. Hiru urtetik behin Kontseilu Nagusiaren erdia berritzen da.

Hauteskundeak. Kontseilari nagusiak hautatzeko hauteskundeak bi itzulitan egiten dira. Lehen itzulian hautagai batek bozen %50 eskuratu badu, kontseilari nagusi bihurtzen da, bigarren itzulirik egin behar izan gabe. Lehen itzulian inork ez badu hein hori lortu, bigarren itzulia egiten da aste baten buruan. Erroldan diren hautesleen %10en heina gainditu duten hautagaiek bigarren itzulian egoteko eskubidea dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.