Zein da Iparraldean departamenduko bozez egiten duzun bilana?
Hasteko, gure emaitzei begira, nahiko pozik gaude. Egiaztapen bat nabaritzen da: EH Bai Ipar Euskal Herriko hainbat tokitan agertzen dela zentro-eskuinari begira ezkerreko alternatiba ekologista sinesgarri gisa. Ikusten da ere Hendaiako kantonamenduan izan dugula aukera lehen izateko. Posizio horretatik badugu lan ondoko urteei begira, baina pentsatzen dugu gure posizioa indartzen ahal dugula, eta hori dugu erronka: zentro-eskuin horri alternatiba eraikitzea eta aldaketa egitea.
Abstentzio handia izan da. Parte hartzea %30 eta %40 artekoa izan da kantonamendu gehienetan —Mendialdean eta Bidaxune, Amikuze, Oztibarren pixka bat handiagoa izanik ere—.
Abstentzioaren datu hori kontuan izan behar dugu. Begi bistakoa da hainbat herritarrek mesfidantza erakusten dutela, ez dutelakoan gehiago sinesten bide horretatik gauzak aldatzen ahal direla, eta guk badugu erronka bat horretan: erakustea lokalki badela aukera gauzak aldatzeko. Dena den, abstentzioarena guk ere hurbiletik aztertu behar dugu.
2015ean EH Baiko kide Alain Iriart izan zen departamendu kontseilari. Kantonamendu horretan, aurten, zentro-eskuina gailendu da.
Errobi Aturriri begira, Alain Iriartek badu bere itzala, auzapez da Hiriburun [Lapurdi], aitzineko aldiko emaitzek partez, segurenik hori islatzen zuten. Baina erran behar da gure desmartxa kolektiboa dela; beraz, hor ez da aitzineko emaitza lortu. Besterik ez dugu: lana segitu eta gure proiektua indartu. Hor ere ezkerreko alternatiba izan gara, dena den.
Barnealdean EH Baik lortu ote du bere parioa?
Uste dut baietz. Bigarren itzuliari buruz erran behar da zentro-eskuinak anitz mobilizatu duela. Gure emaitzak txukunak dira, eta heldu gara kopuru eta ehunekoetan maila indartsu batetara, dudarik gabe. Hor ere aitzina segitu behar dugu, zentro-eskuin hori garaitu arte.
Oro har, zein izanen dira erronkak?
Boz kopuruan bigarren itzulian bozak irabazi ditugu, zenbait lekutan ez dugu lortu eremu ekologista-ezkertiarra gure alde erakartzen; parte esanguratsu batez gauzatzen da dinamika hori, baina, dudarik gabe, badira oraino eremu horretan bozkatzaile batzuk konbentzitzeko, ohartarazteko lekuan lekuko proiektuak eraikiz eraso neoliberal orokorrari erantzuteko bide bat badela.