Komunikazioa

"Zentsuraren marra gorria" gainditu dela salatu dute ETBren lan batzordeko ordezkariek Legebiltzarrean

ETBko zuzendaritzak egindako ohartarazpenak "zigorra" direla salatu dute ELAk eta LABek, eta kazetariak indefentsio egoeran uzten dituztela. "Arlo buruak behar ditugu, komisario politikorik ez", esan du Andoni Basabe lan-batzordeko ordezkariak. Alberto Surio EITBko zuzendariak "manipulazioa, zentsura eta inposaketa" ukatu ditu, eta Juan Carlos Viloria ETBko Politika arloko burua babestu du. EA, EB, Aralar eta EAJk Surioren bertsioa kritikatu dute.

2010eko abenduaren 13a
15:08
Entzun
ETBren lan-batzordeko ELA eta LAB sindikatuen ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, EITBren Kontrolerako batzordean, Mikel Basabe Kortabarria Aralar taldeko legebiltzarkideak egindako eskariari jarraituz. Juan Carlos Viloria ETBko Politika arlo buruak kutsu editorialeko bere testu bat kazetari bati inposatu nahi izan zuela gogoratu dute langilee ordezkariek. Kazetariak albistea ez sinatzea erabaki zuen, eta ondoren espedientea jasotzeko mehatxua jaso zuen. Azkenean kazetari horri eta afera zuzendaritzari helarazi zuen kazetariari ohartarazpenak egin dizkio zuzendaritzak.

Ohartarazpen horiek "bortxakeria ideologikoa" direla salatu du Jon Otegi LABeko ordezkariak. "Indefensio egoera batean gaude. Ohartarazpena zigorra ez bada zer da?", galdetu du. Halaber, "zentsuraren marra gorria" gainditu dela gaineratu du Otegik. Sindikatuetako ordezkariek proposatu dute zuzendaritzak zigorrak bertan behera uztea eta kazetarien lan baldintzak bermatzea.

PSEko legebiltzarkide Carlos Gorostizak arlo buruen funtzioen gainean galdetu die sindikatuetako ordezkariei. Andoni Basabe lan-batzordeko ordezkariak honakoa erantzun du: "Arlo buruak esan behar du zer berri sartu behar diren albistegiko eskaletan. Bere funtzioa ez dena da bideoa kazetariari modu batean egiteko agintzea, komisario politiko batena baizik. Arlo buruak behar ditugu, komisario politikorik ez".

Ohartarazpenak ez dira ETBko lan itunean jasotzen eta zigorra jasotzen duen kazetariak ez du aukerarik horren aurrean erantzuteko.

Langileen ordezkarien ostean, EITBko zuzendari nagusi Alberto Suriok eta ETBko zuzendari Miguel Angel Idigorasek egin dute agerraldia. Surioren arabera, gertatutakoa "bat ez etortze puntual" bat izan zen eta ez zuen jendartera zabaldu behar. Viloriaren aurreneko lana izan zela aipatu du eta Viloria beraren gutun bat irakurri du. Gertatutakoaz defendatzen da Viloria gutunean. "Zuzendaritzak ukatu egiten du manipulazioa, zentsura eta inposaketa egon zenik", azaldu du Suriok.

EAko, EBko eta Aralarreko legebiltzarkideek nabarmendu dute Surioren bertsioa ez datorrela bat langileen ordezkariek emandakoarekin. EAJko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxeberriak "inposaketa saiakera" egon dela salatu du eta gertaera larritzat jo. "Gainera, zuzendaritzak hedabideak erabili ditu langileak iraintzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.