Astelehenean iragan zen Panpi Sainte Marie ELBko bozeramailearen eta Cathy Xabalgoiti Barkoxeko ahate hazlearen auzia Pauen. Barkoxeko hazkuntzarentzat 5.000 euroz gorako isuna eta Xabalgoitirentzat beste isun batzuez gain hiru hilabeteko presondegi zigorra gibelapenarekin eskatu zuen prokuradoreak, 2017ko apirilean ahateak hiltzea eragozteagatik . ELB sindikatuarentzat berriz, 10.000 euroko isuna.
Zer diozu prokuradoreak zuen kontra eskatu dituen zigorrez?
Cathy Xabalgoiti kargatu dute gu baino gehiago. Bere posizioa zaila zen: guk erraten genuen bide publikoa trabatu genuela, ez bere etxea, eta berak dena prest utzi zuela ahateak hiltzeko, behartua baitzen -nahiz ez ados izan-. Haiek erraten zuten hori faltsukeria zela, berak zuela ELB kontaktatu. Gero abokatuak desmuntatu du hori, erranez hori "faltsukeria" dela erratea inpresio bat dela, ez dela egiaztatua, ez dela elementurik errateko gure konplizea zela. Nik erran dut hiltegiko langile batek zigula informazioa eman [osasun zerbitzuak biharamunean joanen zirela Barkoxeko hazkuntzako ahateak hiltzera]. Baina prokuradorearen plana hori zen, erratea harek baizik ez gintuela abisatzen ahal. Alta ez zen hala.
Prokuradoreak bi laudorio bota ditu, alegia, ELBk zer gaitasuna zuen jendea mugitzeko zero azpitik hiru gradurekin, eta hala… baina gero alde bat ari izan da gure kontra, ez genuela legearen kontra ari izan behar, eta abar. Ez zela hemen salbuespen bat egiten ahal, erabakia zela ahateak hiltzea, eta beraz behar genuela guk ere onartu. Guk erran dugu krisia pasatua zela, analisia guztiak bagenituela errateko sanoak zirela, eta bai, legearen kontra joan garela baina elementu guztiekin. Gainera etxalde hori arrunt autartzikoa da, eta inguruan ahate guztiak hilak ziren -denek onartu baitzuten hiltzea-. Ez zen ahateak hiltzearen beharrik, salbuespen bat egiten ahal zen baina Estatua ez da halakoa.
Gibel egin behar izan zuten jendea baitzen ausarki, prefeta abila baitzen ez zuten polizia kopuru doblea igorri indarrez sartzeko -posible baitzuten-. Irudi txarrik ez zuten nahi kolpatuekin eta abar. Orain haatik pagatzen dugu Estatuari afruntu egitea.
Mendeku bat bezala ikusten duzu?
Bada jendea ere; beste prefeta batek emanen zuen manua beharbada, ez gibel egiteko. Aldiz erran zigun ondorioak izanen zirela. Prokuradorea ere bada; Baionakoa isilik egon da -afera berdinarentzat Domintxine eta Gabadiko hazleak ez dira auziperatuak izan-, zergatik? Pentsatzen dut testuingurua gehiago ezagutzen duela, ohartzen dela ELBk sostengua baduela, kontsumitzaileena, eta, hobe zuela afera isiltzea. Bada hori, bakoitzak duen boterea nola erabiltzen duen. Astelehenean ageri zen prokuradorea, errateko maneran, deika Baionakoari: "zuek ere egin ezazue zerbait, ez da izaten ahal justizia bat bi abiaduretan" eta halako formulak erabiliz. Gu lehenik jendarmeek entzun gaituzte, inkesta izan da… Baionan ez dute lehen etapa egin ere! Harrigarria litzateke orain egitea, ez dakit.
Harritu zaitu Cathy Xabalgoitiren kontrako zigor eskaerak? Beharbada zuena gehiago espero zenuten?
Bai. Zinez Estatuari desafio egitearena ELBrena da, blokatzearena. Uste genuen guk gehiago hartuko genuela, bai. Orain epaileak beharko du hautatu: bera ez da Estatuaren ordezkaria, justizia normalki hor erdian da. Beharbada bai, Estatuarentzat ostiko handia izan da, baina pentsatzen ahal du justifikatua zela hala jokatzea ahateak sanoak baitziren, epidemiaren bukaera, arrunt etxalde isolatua… Horiek guztiekin pentsatzen ahal du ez duela merezi jende horiek kondenatzea. Hori eginen du hala, absurdoa bada ere Estatuaren erabakia aplikatu behar dela erabaki? Zentzu onarekin epaitu edo legedi frantziarra errespetarazteko eginen dutenez ikusiko da.
Deliberoaren arabera zer egin erabaki duzue?
Ez, lekuko batek erran dit dei egin beharko dela. Ikusiko da nola ateratzen den eta balio duenez dei egitea, eta berriz joatea. Hori kolektiboki ikusiko dugu.