Euren jarduera politikoa egiteagatik alderdi politiko batzuetako kideak auzipetzea eta kartzelaratzea zentzugabekeria juridikoa eta politikoa dela dio Aralarrek. Deklarazio horiek Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak atzo ETAko kideak izatea egotzita Batasuna, EHAK eta EAE-ANVko 44 lagun auzipetzearen ondotik egin ditu. Irmoki gaitzetsi dute erabakia, baita Espainiako Estatuak “daraman politika errepresiboa ere, bake bideetatik erabat urruntzen gaituelako”.
Aralarrek azaldu du Espainiari gogorarazi beharrean daudela ideiak ezin direla kriminalizatu, eta pertsona horiek politikan jarduteko duten eskubidea bermatu dadila eskatu du: "Giza eskubideen urraketa argia da politikan diharduten pertsonak atxilotzea. Giza eskubideen baitan dago askatasuna izatea, politikan askatasunez jardutea".
Gainera, ETAri aldebakarreko etena eskatzen dioten bezala, Auzitegi Nazionala desagertzea ere beharrezkoa dela adierazi du, “normalizaziorako eta giza eskubideen defentsarako bidea erraztu dezakeelako horrek”.
Horrez gain, auzipetutakoen aurkako epaiketa lehenbailehen egitea eskatu du, “ez baita onargarria urte eta erdi espetxean izan ondoren, euren kontrako inputazioak zeintzuk diren jakin gabe, epaiketa egin gabe izatea”.
Batasunarekin, EHAKrekin edota ANVrekin lotura izateagatik preso dauden guztien berehalako askatasuna eskatzen du Aralarrek. “Elkartasun guztia agertzen diegu espetxeratutako pertsonei eta haien senideei”.
Nafarroa Bai koalizioak (EA, Aralar, EAJ, Batzarre) ere gaitzetsi egin du Garzonen erabakia, "eskubideak urratu baitira".
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak bere aldetik, Alderdien Legea salatu du eta “eguzkiaren azpian ez dagoela ezer berririk” adierazi du Garzonek egindako auzipetzeei aipamena eginez. Gainera, oraingo honetan ere, Garzonek ez duela besteetan egin ez duen ohiz kanpoko ezer egin azaldu du Azkaratek.
Politika
Zentzugabekeria juridikotzat eta politikotzat jo ditu Aralarrek Garzonen 44 auzipetzeak
Ideiak ezin direla kriminalizatu dio, eta pertsona horiek politikan jarduteko duten eskubidea bermatzeko eskatu du. Nafarroa Baik ere gaitzetsi egin du epailearen erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu