Ikasleen joan-etorria; zarata; lagunen arteko irriak. Horiek dira nagusi Iruñeko Amaiur Ikastolan, 09:00ak izateko minutu eskas falta direnean. 09:00etan puntuan, ohiko txirrinaren ordez, Kepa Junkeraren musikak iragarri du eskolen hasiera. Pasabideak hustu egin dira. Eta gelak, bete. Irakasleak hasi dira beharrean.
Ikastetxe publiko horretan ederki dakite zertan ari diren. 27 urteko bidea egina dute jada. Eta bide horretan lortutako emaitzak onartu eta goratu berri ditu EFQM erakundeak: Amaiurrek bikaintasunarekin duen konpromisoa nabarmentzen duen zigilua eman dio eskolari. Gurasoek banatzeko zigilurik ez dute, baina seme-alabak zentrora eramanez erakusten dute ikastetxearen proiektuarekin duten konfiantza. 400 ikasle inguru ditu Amaiurrek gaur egun, eta, 27 urteko bide horretan, bertze 1.600 pasa dira ikastetxetik.
"Maisu-maistrak gara gu, hau da gure lana". Pello Egurenenak dira hitzak. Amaiur Ikastolako zuzendaria da, eta bere lana izan nahiko luke mintzagai bakar. Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoen aurkako kanpainak, ordea, bertze bide batetik eraman ditu irakasleen eta gurasoen arteko solasaldiak, azken egunotan. Halabeharrez. Joan den astean jakin zenez, D ereduko 28 eskola ikertu, eta 1.652 irakasle zelatatu ditu Guardia Zibilak; ondorioztatu du lau irakasletik bat "etazalea" dela. Ikerketa horren harira, Nafarroako Parlamentuak berak adierazpen instituzionala onartu du asteon, euskaraz aritzen diren irakasleen jarduna babesteko. Bilduk, Aralar-NaBaik, Geroa Baik, Ezkerrak eta PSNk adierazpen horren alde bozkatu dute. UPNk eta PPNk, berriz, kontra.
Iribasen erantzukizuna
Haserrea, kezka, ezintasuna eta, batez ere, babesgabetasuna. Hitz horiek nabarmendu ditu Egurenek zer sentitzen duen adierazteko, eta harekin bat egin dute Amaiur Ikastolako irakasle Benjamin Ruizek, Ana Iribarrek eta Isabel Jauregik ere. Ontzat jo dute parlamentuak egindako urratsa, baina argi dute Nafarroako D ereduko irakasleei nork zor dien babesa eta elkartasuna: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek. "Hezkuntza Departamentuak ikuskatzen ditu gure metodologia, gure testu liburuak; departamentuak kontratatzen ditu irakasleak; departamentuarena da erantzukizuna, eta harena, ondorioz, gu babesteko betebeharra", erran du Ruizek.
Halakorik ez dute jaso, ordea. Eta horrek sortu die babesgabetasun sentipena irakasleei. "Guk bilera eskatu genuen Iribasekin, eta asteartean deitu gintuzten departamentura. Kontseilariarekin ez ginen egon, baina bi zuzendari nagusiek hartu gintuzten; babesa eskatu genuen, eta hitz onak jaso genituen; baina gehiagorik ez. Babesgabe gaude", azaldu du Egurenek.
Iribasek asteon errandakoak ere ez dituzte nahikotzat jo Amaiur Ikastolako kideek. Kontseilariak Nafarroako hezkuntza sistema osoari agertu dio babesa asteon, jendaurrean. "Sare eta eredu guztiak" babestu ditu: "Guztiak dira legezkoak eta zilegizkoak", erran du. "Baina zigorra jaso dezakeen jarrerarik edo pertsonarik dagoen zainduko dugu; inork hezkuntza bertzelako helburuetarako erabiltzea saihestu behar dugu", erantsi du.
"Akaso inozoa naiz, baina gehiago espero nuen; Iribasek zerbait esanen zuela langileok defendatzeko; baina deus". Etsipena sumatzen zaio Isabel Jauregiri ahotsean. Nekea ere bai, ez baita oraingoa, Amaiur Ikastolako kideek nabarmendu dutenez, D ereduaren aurkako lehendabiziko erasoa.
Oraingoa "eraso bortitza" izan dela onartu du, hala ere, Iribarrek. "Beste ñabardura bat du orain gertatu den guztiak; irakasleok zelatatu ere egin gaituzte", nabarmendu du. Egurenek ere oraingo D ereduaren aurkako erasoaren "berezitasuna" jarri nahi izan du agerian. "Nafarroako D eredu publikoaren aurkako erasoa izan da, zehazki", azaldu du. Azken eraso horri eta gainerakoei, hala ere, modu bakar batean aurre egiten ahal dietela argi du Amaiur Ikastolako zuzendariak: "Gure lanarekin. Gu nekatuta gaude halako erasoekin; Hezkuntza Departamentuari dagokio erantzuna ematea; ez dago gure esku. Gure esku dago lanean jarraitzea, eta horixe eginen dugu".
Eguneroko lan horretan, gurasoen babesa eta berotasuna sumatu dute Amaiur Ikastolako kideek. Eta biziki eskertzen dute. "Helarazi digute babes hori, eta garrantzitsua da guretzat", onartu du Benjamin Ruizek. Gurasoek ere eskertzen dute zentroko kide guztiek egunero egiten duten lana. Eta halaxe nabarmendu nahi izan dute. Jendaurrean. Babesa emanez. Haien kontrako erasoak salatuz.
Marta Morales da hitz hartu nahi izan duten gurasoetako bat. Amaiur Ikastolako ikasleetako baten ama da. Guatemalakoa da sortzez, baina Nafarroan bizi da orain. "Euskalduna dut senarra, eta euskalduna semea ere. Ni ere ikasten ari naiz", azaldu du. Moralesek nabarmendu du Nafarroan euskarak duen egoerarekin "harritu" egin izan dela beti. "Ezin dut ulertu; eskandaluzkoa da; nola da posible norbaitek bere hizkuntzaren eta kulturaren aurka egitea?", galdetu du. "Euskara ez da bakarrik nafarren ondasuna; Europako herritar guztien ondare ere bada, eta zaindu behar dugu", erantsi du.
Ildo horretan, D ereduaren aurkako azken erasoa "ulertzen zaila" iruditzen zaio Moralesi. "Hasieran kontu barregarria iruditu zitzaidan; Madrilen hemen gaztelania zapaltzen dugula erraten dutenean bezala; baina auzia handituz joan da. Bitxia ere bada; batetik, eskolari saria eman diote bere bikaintasunagatik, eta, bertzetik, eraso hau egin diote. Hezkuntza Departamentuari zegokion zentroaren alde egitea, baina halakorik ez da gertatu", nabarmendu du.
Ruben Perezek argi du zergatik isildu den Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria. "Eraso honek kontseilariaren lana jarri du zalantzan, Hezkuntza Departamentuaren ardura baita irakasleak kontratatatzea; kontseilariak nahiago du bere interes politikoa gauza guztien gainetik jarri, ordea, bai eta bere lanaren gainetik ere", erran du Amaiur Ikastolako aitak.
Irakasleek bezala, gurasoek ere argi dute jarrera epela erakutsi duela Iribasek auziaren inguruan eta, Hezkuntza kontseilari gisa, hari dagokiola D ereduaren aurkako erasoagatik ardurak eskatzea eta irakasleei babesa agertzea.
Zentroko aita ez ezik, Amaiur eskolako ikasle ohia ere bada Perez. Eta hark inoiz ez du zalantzarik izan. "Argi nuen seme-alabak Amaiurrera ekarriko nituela. Badakit hemen zer irakatsi didaten, zer-nolako balioak eman dizkidaten eta zer-nolako balioak nahi ditudan nire seme-alabentzat ere".
Perezek argi erran du: "Nik ikastetxe honi buruz eta D ereduan ari diren bertze ikastetxeei buruz ere zalantzarik ez dut; bertzeek erran dezaketenak ez nau kezkatzen; baina gezurrak zabaltzen ari dira, eta ezin dugu D ereduaren aurkako erasorik onartu. D ereduak bere tokia du Nafarroan, eta horrek egiten die min", nabarmendu du.
Perezekin bat egin du Elena Sanchezek ere. "Halako erasoen bidez erran dezaketenak ez nau kezkatzen, hagitz lasai nago ni, eta erabateko konfiantza dut ikastetxeko kideekin, baina ulertzen dut haurra nora eraman pentsatzen ari diren gurasoei eragiten ahal diela halako kanpaina batek. Eta hori ezin da onartu", salatu du.
Sanchez ez da euskalduna. "Zoritxarrez, ez dakit euskaraz. Nire senarrak ere ez; baina biok argi genuen gure seme-alabek euskaraz hitz egitea nahi genuela. Gure kulturari eusteko modu bat izan da guretzat". Horregatik egin zuten Amaiur Ikastolaren eta D ereduaren aldeko hautua. Eta ez dira damutu.
Horregatik, D eredua beti zalantzan jartzen duten erasoak salatu ditu Amaiur Ikastolako amak. "Eskola honetako lana zalantzan jarri nahi dute; nik, ordea, hori egiten dutenek jaso duten heziketa jarri nahi dut zalantzan. Jose Iribas kontseilaria da irakasleen kontratuen arduraduna, eta ez da gai izan irakasle horien alde deus errateko".
Elena ahizpa du Virginia Sanchezek, eta Amaiur Ikastolako ama da hura ere. Galdera egin du Guardia Zibilaren txostena eta hura zabaldu duten informazioak orain agertu izanaz: "Zer estali nahi dute auzi hau jendaurrean zabalduz? Argi dago asmoa hori dela, honi buruz ari garen bitartean bertze kontuak bazter uztea".
Iritzi horrekin bat egin du Roberto Gorrizek ere. "Norbaiten aurka egin behar dute; orain guri egokitu zaigu, eta hurrengo astean bertze bati tokatuko zaio", erran du Amaiur Ikastolako aitak.
"Familia handia"
Haien seme-alabek D ereduan eta, zehazki, Amaiur Ikastolan jasotzen duten arretarekin eta heziketarekin kontent dira zentroko gurasoak. Horixe nabarmendu dute denek, eta mezu hori zabaldu nahi izan dute, azken erasoen aurrean.
"Familia handi baten gisakoa da ikastetxe hau; hori da hemen dugun giroa", erran du Marta Moralesek. Bat egin du Elena Sanchezek Moralesekin. Eta gehiago erran du: "Mojen ikastetxe batean ikasi nuen nik, eta han bai, han saiatzen ziren ideiak inposatzen; itunpeko ikastetxe erlijiosoen lana, ordea, inork ez du zalantzan jartzen; zergatik?", galdetu du. "Ematen du euskararen kontra egiteko edozerk balio duela", erantzun dio Perezek.
Bertze gurasoek bezala, Amalur Sanzek ere inolako zalantzarik ez du Amaiur Ikastolako irakasleen lanaren inguruan. "Barregarria da erraten ari diren guztia". Amaiurren, hala ere, irri egiteko gogorik ez dute. Bai, ordea, azken erasoa atzean uztekoa. Horretan dira eskolako irakasleak. Lanean. Betiko bidean.