Zer ari da gertatzen Grezian?

Bi aste baizik ez dira falta Greziaren bigarren erreskatearen luzapena amaitzeko. Bi aste Greziak ustez ez dituen 1.600 milioi euro Nazioarteko Diru Funtsari itzultzeko. Bi aste eurogunearen haustura ekar dezakeen default bat eragozteko. Bi aste Grezia eta haren finantzatzaileak diruaren iturria irekita utziko lukeen akordio bat erdiesteko. Denbora gainera datorren arren, akordio hori urrun dago oraindik, Atenasek eta haren hartzekodunek elkarri leporatzen baitiote proposamen zentzugabeak egitea.

Iker Aranburu.
2015eko ekainaren 17a
16:55
Entzun

ZER ARI DA GERTATZEN?

Greziaren bigarren erreskatearen azken zatiak (7.200 milioi) izozturik dirau ESM euroguneko erreskate funtsaren kontuan, eta Atenasek gero eta arazo gehiago dituela bere zorrak eta gastu arruntak pagatzeko. Diru horren truke, gerrikoa gehiago estutzeko eta erreforma batzuk egiteko eskatzen du troikak (erakundeak, oraingo hizkeran); Greziako aurreko gobernu kontserbadore-sozialdemokratak (ND-Pasok) eta oraingo gobernu ezkertiarrak (Syriza) argudiatu dute baldintzak gogorregiak direla, Greziako gizartea itota dagoelako azken bost urteotako austeritate bortitzarekin.

Greziak ezin duenez bere burua merkatuetan finantzatu "interes izugarriak eskatzen dizkiote, ez baitira fio", otsailaren amaieran erreskatea lau hilabetez luzatzea erabaki zuten bi aldeek, baina orduz gero ez dira gai izan 7.200 milioi euroak ordaintzeko baldintzei buruz ados jartzeko, eta, are gutxiago, hurrengo urteotako Greziaren finantzaketa lotzeko.

ZEINTZUK DIRA DESADOSTASUNAK?

Proposamen eta kontraproposamen saldo baten ondoren, Annika Breidthardt Europako Batzordeko ekonomia gaietarako bozeramaileak ziurtatu zuen astelehenean bi aldeak ados jarri direla Greziak lortu behar duen superabit primarioaren neurriari buruz (gobernuaren diru-sarrerak handiagoak izatea gastuak baino, zorrak eta haren interesak zenbatu gabe): BPGren %1 aurten eta %2 2016an. Arazoa superabit hori lortzeko moduan datza. BEZa igo eta pentsioak jaitsi nahi ditu troikak; bi horiek marra gorriak direla erantzun du Atenasek.

Pentsioei buruz, Greziako sistema ez dela jasangarria dio troikak. «Europako garestienetakoa da», Breidthardtek ziurtatu zuenez. Pentsio arruntak gehiago jaitsi gabe, arlo horretan BPGaren %1 aurrezteko eskatu du, 1.800 milioi euro gutxiago urtean. Nola? Erretiroaren adina atzeratuz, pentsio osagarriak apalduz eta erretiro aurreratuak murriztuz. Pentsioak %40 jaitsiak dituztela erantzun du Atenasek, eta BEZaren aurreko igoerek herritarren egoera okertu dutela. Dirua biltzeko proposatu dute milioi batetik gora irabazten duten enpresei zerga berezi bat jartzea, sozietate zerga %26tik %29ra igotzea, tasa berriak sortzea (jokoari edo telebistako iragarkiei) eta Defentsa Ministerioaren aurrekontua 200 milioi gutxitzea.

ZER DIO GREZIAK ORAIN?

Igandean bere proposamenei emandako azken ezetza oso gaizki hartu du Alexis Tsiprasek. «Pentsioen arpilatzea» ikusi du, eta «arrazoi politikoei»egotzi dio. Zain dagoela dio, «erakundeak errealismoz jokatu arte». Haren hitzetan, asko dago jokoan: «Geure herriaren duintasuna ez ezik, Europako herriaren itxaropena dugu bizkar gainean. Ez da burugogorkeria politikoa. Demokraziari buruz ari gara». Haren Finantza ministroak, Giannis Varufakisek, ziurtatu du ez dutela onartuko «krisiaren luzapen bat». «Soilik krisitik irtetea sinatuko dugu», eta horrek ezinbestean dakar Greziaren zor erraldoiaren zati bat berriro negoziatzea eta barkatzea.

ZER DIOTE ERAKUNDEEK?

Dagoeneko mugitu direla, eta beren proposamena «orekatua eta ekonomikoki zentzuduna» dela, Breidthardten hitzetan. Mario Draghi EBZko presidenteak ere babestu ditu: «Greziarekin akordio sendoa eta sinesgarria lortu behar da, ez soilik Greziaren mesedetan, baita eurogune osoaren mesedetan ere. Aktore guztiek urrats bat egin behar duten arren, pilota Greziaren teilatuan dago».

NOIZ ASKA DAITEKE KORAPILOA?

Hurrengo egun gakoa bihar da, orduan bilduko baita Eurotaldea, euroguneko finantza ministroen topalekua. Bere arazoa politikoa denez, Greziako Gobernuak espero du politikoen bilera horretan aurrera egingo dutela; hartzekodunek, berriz, nabarmendu dute lehenik teknikarien arteko akordio bat behar dela. EBko iturriek Reuters agentziari esan diotenez, litekeena da ultimatum bat egitea Atenasi.

ETA EZ BADA AKORDIORIK?

Hilaren NDFri 1.600 milioi itzuli behar dizkio Greziak. Azken ordainketak nekez egin ditu, eta ez dago garbi oraingoan egin ahal duenik aldi berean pentsio eta soldata publikoak ordaindu nahi baditu. NDFri ez pagatzeak default bat eragingo luke, hots, zorra ez ordaintzea. Horrek merkatuak aztoratuko lituzke, ondorio ezezagunekin. Hori gutxi balitz, hilaren 30an erreskatea ere bukatuko litzateke, eta horrekin batera Europako Banku Zentralak Greziako bankuei eusteko konpromisoa. Banku zentralaren laguntzarik gabe, baliteke Atenasek corralito baten modukoa ezartzea, bezeroek diru guztia atera eta finantza sistema hondora ez dezaten.

'GREXIT'?

Ez derrigorrean, baina uste zabalduena da zorrak ez pagatzeak azkenean Grezia eurogunetik kanpo utziko lukeela. Uztail hasieran ez bada, udan bai, EBZri berari 6.700 milioi euro itzuli behar dizkiolako Atenasek. Bi aldeek diote ez dutela nahi, baina baina gero eta gehiagok uste dute aukera erreal bat dela. «Grexit-a ez da irteera egokia. Baina ezin da ezer baztertu, kometa batek Lurra jotzea baztertu ezin daitekeen moduan», esan dio Varufakisek Alemaniako Bild egunkariari.

ONA ALA TXARRA DA GREZIA EUROGUNETIK ATERATZEA?

Batzuek diote Greziarentzat ona izango litzatekeela. Kolpe gogor baten ondoren eta zor gehienak gainetik kenduta, drakma merke batekin lehiakortasuna irabaziko lukeela Greziak, turismoa erakarri eta barne merkatua sendotu. Beste batzuek, berriz, hondamena iragarri diote: inflazio kontrolaezina (inportatzaile handia da Grezia), pobrezia are orokortuagoa eta herrialde eraginkor bat izateko beharrezkoak dituen erreformak gehiago atzeratuko liratekeela, zorraren gurpil zoroa berriro elikatuz. Eurogunearentzat? Baikorrenek diote ezegonkortasuna sortzen duen arazo bat kenduko lukeela gainetik. Ezkorrenek gogorarazi dute Greziari mailegatutako 225.000 milioi galduko lituzkeela; eta, agian okerragoa dena, merkatuak hurrengo katebegi ahula bilatu eta hondoratuko luketela, eurogunea guztiz hautsi arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.