Itunpeko erietxeak bultzatu aurretik osasun arreta bitarteko propioak erabiliz emateko aukera aztertzera aholkatu dio Nafarroako Kontu Ganberak Osasunbideari. Era berean, Nafarroako Osasun Departamentuak aurkeztutako txostenetan itunpeko osasun sistema bultzatzearen aldeko erabakiaren justifikaziorik ez diola ikusi dio kontrol organo horrek.
Ondorio horien berri eman zuen atzo Kontu Ganberako presidente Helio Robledak, Bilduk eskatuta Nafarroako Parlamentuan eginiko agerraldian. San Juan de Dios ospitaleko itunpeko arretaren kosteen inguruko azterketaren eta 2008. eta 2009. urteetako hitzartutako osasun zerbitzuen inguruko txostenen berri eman zuen Robledak bilkuran.
Osasunbideak bere garaian San Juan de Dios ospitalearen gastuak zenbatzeko egindako txostena metodologia «desegokia» erabiliz egin zela eta, «kalkulu akatsak» dituela ondorioztatu du. Itunpeko osasun arretaren bitartez 2008an eta 2009an 7,45 eta 8,02 miloi euro aurreztu zituela adierazi zuen txosten hartan Osasunbideak.Kontu Ganberak, alta, zifra horiek baliorik ez dutela adierazi du. Gainera, Robledak nabarmendu du Osasunbidearen txostenean ez dela ageri erakunde publikoak «osasun arreta eskaintzeko ezintasuna» duenik. Horrenbestez, zalantzan jarri du gobernuak alor horretan izan duen jarrera: «Txostenak ez du itunpeko osasun zerbitzua justifikatzen».
Osasun zentro pribatuekin Nafarroako Gobernuak sinatutako itunei dagokienez, horiek 2009. urtean 28,66 miloi euroko gastu erreala izan zutela azaldu du Robledak, 2008an baino %24 gehiago, hain zuzen ere. Era berean, itun horiek sinatu aurretik bitarteko propioak erabiliz osasun arreta eskaintzeko aukerarik aztertzen duen txostenik ez dagoela nabarmendu du Robledak. Hala, itunpeko osasun arretarako hitzarmenak ezarri aurretik, aukera horiek balora ditzala aholkatu dio Osasunbideari, hau da, osasun zerbitzua «bitarteko propioekin, eta horiek erosiz zein berrantolatuz» emateko aukera azter dezala.
Bilduko eledun Maiorga Ramirezen ustez, Kontu Ganberak emandako datuek «argi hitz egiten dute». Gainera, osasun zentro «onuradunena» Klinika Unibertsitarioa dela nabarmenduta, Nafarroako Gobernuak sektore pribatua puzten duela salatu du Ramirezek.
NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek manipulaziotzat hartu du Osasunbideak San Juan de Dios ospitalearen inguruan eginiko txostena. Gainera, Osasun Departamentuaren barruan «nahaspila handia» dagoela salatu du.
Marisa de Simon Ezkerra koalizioko kideak erantzukizunak eskatu ditu, eta Osasunbideko datu sistema hobetzea beharrezkotzat jo du. PSNko Maria Txibiteren ustez, Kontu Ganberako txostenak agerian uzten ditu aurreko departamentuko kudeaketan egondako hutsuneak.
UPNren izenean, berriz, Robledak aurkeztutako ondorioak «oinarririk gabeak» direla adierazi du Antonio Perezek. Edonola ere, ganberak Osasunbideari eginiko aholkuak «logikoak» direla onartu du.
Sukaldetakoen egoera
Nafarroako Ospitale Guneko sukaldeetako langileen oporrak eta baimenak bertan behera utzi izana beste eraso bat dela salatu du NaBaik. Asun Fernandez Garaialdek gogorarazi du langile horiek dagoeneko lan egoera «zaila» bizi dutela. Hala, gobernuak egin beharko lukeena dauden baliabideen planifikazio hobea dela adierazi du. Azkenik, Osasun Departamentuak langileen oporrak baimentzeko exijitu du.
Zerbitzu publikoa lehenesteko eskatu dio Kontu Ganberak Osasunbideari
Itunpeko erietxeen aldeko hautuaren justifikaziorik ez dagoela ondorioztatu du kontrol organoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu