Zerga sistemaren erreforma eskatu du Ezkerrak

Miguel Izuk salatu du Nafarroako Gobernuak gizarte gastua gutxituz konpondu nahi duela krisia

edurne elizondo
Iruñea
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Defizitari aurre egiteko bideen ingurukoa izanen da datozen hilabeteotan Nafarroako Parlamentuko eztabaida gai nagusia, Ezkerraren ustez. Horixe azpimarratu du koalizioko kide Miguel Izuk, eta, horregatik, auzi horri buruzko hainbat ekimen jarri ditu martxan Ezkerrak. Batetik, Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcina parlamentuan lehenbailehen agertzea eskatu dute, aurrekontuen urteroko garapena arautuko duen legeari buruz azalpenak eman ditzan eta azal dezan gobernuak zerga sistema ez aldatzeko hartu duen erabakia; bertzetik, eta azken gai horri lotuta, Ezkerrak zerga sistema aldatzeko lege proposamena aurkeztuko du datorren udazkenean, Izuk aurreratu duenez.

Defizitari nola aurre egin da gakoa, Ezkerrako kideen ustez. «Nafarroako Gobernuak gizarte gastua gutxituz lortu nahi du helburu hori; hau da, herritarren aldeko gizarte politikak gutxituz». Koalizioak bertze bide baten alde egin du. Zerga sistemaren erreformaren alde alegia. «Azken hamabost urteotan errentarik altuenei mesede egin dien sistema izan dugu; hori aldatzeko garaia da. Gehien dutenekiko eta gehien irabazten dutenekiko presioa handitu behar da, defizitari aurre egiteko», azpimarratu du Izuk.

Orain arte, krisi ekonomikoaren faktura langileek eta enpresa txiki eta ertainek ordaindu dutela gaineratu du. «Hori ez da bidezkoa». Gauzak aldatzeko asmorik ez du agertu Barcinak, oraingoz, Izuk salatu duenez, eta, ondorioz, Nafarroako gizarte politikak arriskuan direla gaineratu du. «Nafarroako Gobernuak goi klaseei baino ez die mesede egiten; haientzat ari da lanean».

Sozialisten ardura

Defizitari aurre egiteko lanak, ezinbertzean, gizarte politikei eusteko helburua izan behar du, Ezkerrako kideen ustez. Hori dela eta, PSNk duen ardura eta erantzukizuna azpimarratu du Izuk. «Behar politikoa da Nafarroako Gobernuaren jarrera aldaraztea, defizitari aurre egiteko moduei buruz. Eta sozialistek duten ardura onartu behar dute».

Lan egiteko eta gauzak aldatzen saiatzeko esparru zabala dago, Ezkerraren ustez. «Errentarik altuenen ondarearen arloan neurriak har daitezke, bertzeak bertze». Ildo horretan, zerga sistema aldatzeko beharra berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.