Euskal Herria elurretik izotzera eta tenperatura hotz-hotzetatik hotzetara pasatu da. Atzo goizaldean zero azpiko tenperaturak izan ziren herri gehienetan. Hotzena Agurainen (Araba): - 14,7. Hala ere, Nafarroako bi herritan eta Iratiko etxoletan ere (Zuberoa) izan zituzten zero azpiko hamar gradu baino tenperatura hotzagoak: Iratiko etxoletan -13, Nabaskozen -12,0 eta Iruritan -10,2. Euskal Herriko kostaldean tenperaturak oso gutxi jaitsi ziren zero azpitik.
Eguraldia hobetu egin dela eta hobera egingo duela ikusita, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak atzo bertan behera utzi zuen iragan astelehenean indarrean jarritako Neguko Bideragarritasun Plana. Hala ere, arretaz jokatzeko eskatu die herritarrei eta gidariei, hotzaren ondorioz izotz plakak sor baitaitezke kale eta errepideetan.
Atzo, esaterako, itxita zeuden Arabako Herrera eta Bizkaiko Urduña mendateak, eta Arabako Opakua mendatea itxita zegoen kamioientzat. Era berean, ibilgailuek kateak behar zituzten Nafarroako Urkiaga mendatean ibiltzeko. Horrez gain, Ertzaintzak arreta berezia eskatu zuen Bizkaiko Dima, Trabakua eta Urkiola mendateetan eta baita Gipuzkoako bigarren mailako errepide sareko mendateetan ere.
Eusko Jaurlaritzak, Neguko Bideragarritasun Plana bertan behera utzi duenez, kendu egin du errepideei buruzko informazioa eskaintzen duen telefono zerbitzua (902.112.088).
EGURALDIA, HOBERA. Euskalmet euskal meteorologia agentziak iragarri duenez, gauean izotza egingo du (Euskal Herriko barnealdean batez ere), baina egunez ostarteak izango dira nagusi. Ondorioz, tenperaturek gora egingo dute, baina tenperatura oso hotzak iragarri ditu: 5 gradu gehienez eta -6 gutxienezBaionan, 7/-1 Bilbon, 6/-2 Donibane Garazin, 5/-3 Donostian, 7/-12/-7 Gasteizen, 7/-2 Iruñean eta 8/-1 Maulen.
Euskalmetek tenperatura gero eta altuagoak iragarri ditu biharko, hotza egiten jarraituko duen arren.
############
Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du Neguko Bideragarritasun Plana, eguraldia hobetu delako
############
Zero azpiko tenperaturak izan dira herri gehienetan
Agurainen (-14,7), Iratin (-13), Nabaskozen (-12) eta Iruritan (-10,2) izan dira tenperaturarik hotzenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu