Hondakinen bilketa sistemaz galdeketa egiten ari da Bergara Garbia plataforma, gaurtik hasita. 10:00etan ireki dituzte hauteslekuak, eta 20:00etan itxiko dituzte. Bihar, berriz, 10:00etatik 18:00etara egongo dira zabalik. Udal Pilotalekuan, Martinez Irala eskolan, Osintxun, Martokon eta Labegaraietan eman dezakete herritarrek botoa.
Bergara Zero Zabor taldeko kideak galdeketan begirale izaten ahalegindu dira, baina galarazi egin diete antolatzaileek. Ez diete hauteslekuetara sartzen utzi, eta Ertzaintza ere bertaratu da. Poliziek agindu diete hauteslekuetan ez egoteko, eta hala egin dute Bergara Zero Zabor taldeko kideek "konfrontazioan sartzeko asmorik" ez zutela eta. Inguruan geratu dira.
Bi aukera eman ditu galdeketan Bergara Garbia plataformak; hondakin organikoa jasotzeko bosgarren edukiontziaren aldeko botoa edo hondakinak atez ate biltzearen aldekoa. Bihar 19:00etan jakinaraziko dituzte emaitzak.