Zerrenda bat egiteko hitza eman du haur lapurtuen auzian Espainiako Gobernuak: ustez lapurtutako umeen datuak bilduko dituzte, haien senideek edo ostu egin zituztela uste dutenek emanak. Izen-abizenak, jaiotza eguna eta ospitalearen izena zehaztuko dituzte; horien bidez, senideek elkar aurkitzea lortu nahi dute, eta arazoa «benetan» zenbatekoa den jakitea. «Ez dago formula magikorik», ohartarazi du Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz-Gallardonek. Kexu dira umeak ostu zizkietela uste dutenen taldeak: behar adina ez egitea egotzi diote Madrili. «Adabakiak dira», salatu du SOS Haur Lapurtuak elkarteko EAEko kide Flor Diazek.
Bilera zuten atzo Espainiako Gobernuak —han ziren Justizia, Osasun eta Barne ministroak—, fiskal nagusiak eta ume lapurtuen auzian ari diren elkarteek. Mahai gainean, gai bakarra: zein neurri hartu auzia hartzen ari den dimentsioaren aurrean. Hitzetatik haragoko babesa eskatu zuten elkarteek, eta aldatzeko legea. Hori ez du onartu gobernuak.
Ikerketa errazteko bideak agindu ditu Gallardonek: ustez lapurtutako umeen zerrenda egitearekin batera, hitzeman du erietxeetako eta erregistroetako datuak eskuratzeko aukera jarriko dietela familiei. «Ahal den lekura iristen saiatuko da gobernua, ez gara akituko», esan du ministroak. Ordea, ohartarazi du «luzea eta konplexua» izango dela bidea, «zabala» delakoan arazoa. «Ezingo da egun batetik bestera konpondu».
Klinika pribatuetako laginak
DNA probekin dute eskaria familiek: lapurtu zituztela uste dutenen eta senideak lapurtutzat dituztenen laginak hartzea eta gordetzea nahi dute, eta aldian-aldian guztiak alderatzea; hartara, probak egin dituzten senideek elkar aurkitzeko modua izango lukete. Gobernuak ez du babestu neurri hori: Espainiako Toxikologia Institutuan dauden DNA laginak klinika pribatuetan lortutakoak batzea soilik onartu du; protokolo bat jarri du horretarako.
Susmoa duten gehienak kanpoan geratuko dira, horrenbestez, epaileen baiezkoa izanez gero soilik egiten baititu probak Toxikologia Institutuan. «DNA bankuak ez digu ezertarako balio horretarako epailearen baimena behar bada; gehienek ez dute lortzen, eta lapurtuak izan ziren adoptatuek ez dute salaketarik jartzen gurasoen aurka. Klinika pribatuetara jotzea oso da garestia».
Auzitegietan ezezkoa jasotzendute dozenaka familiak. Hortaz, aukera bakarra dute DNA proba egin eta alderatzeko: klinika pribatuetara jotzea, gastua beren gain hartuta. Kataluniako Neodiagnostica enpresa ari da horretan. «Jakinarazpen ofizialik ez dugu jaso, baina informazioa emateko eta laginak alderatzeko prest gaude», adierazi du Jaume Bujek, laborategi horretako gerenteak.
Zortzi hilobi zabaldu dituzte
Hegoaldeko dozenaka familiak jo dute haiengana, auzitegiek bizkar eman ostean. Epaileen baimenik gabe hobiak zabaltzeko aukera dute. Enpresa horrek hiru ireki ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; denetan agertu dira hezurrak, eta aztertzen ari dira orain. Nafarroan ez dute batere zabaldu. Auzitegiek aginduta Hegoaldean beste lau hobi ireki dituzte, eta batean agertu dira hezurrak. Toxikologia Institutuaren esku daude.
Garestia da bide pribatua: DNA lagina hartzea, ehun eurotik gora; hilobia zabaltzea, milatik gora. Diazek uste du justiziak egin beharrekoa da dela hori. Legea aldatzeko eskatu du: «Hitz politekin nazkatuta gaude. Legea aldatzea behar dugu. Pertsonen salerosketatzat jotzea nahi dugu». Iraungitzeak dituzte arazo: epaile batzuk kasuak artxibatzen ari dira, delituak jada ezin direla ikertu uste dute eta. «Loteriaren gisakoa da: epaileek badute aukera iraungita dagoela esateko, eta askok hori egiten dute». Kasu horretan, alferrik izango da DNA laginen bankua. «Susmoa duten guztiei egin beharko liekete proba. Inork ez du besterik gabe ematen DNA».
Auzitegietan gauzak aldatzeko hitza eman du Eduardo Torres-Dulce fiskal nagusiak: bateratu egingo dute kasuak zein deliturekin lotu eta iraungitzeekin zein irizpide hartu. Ume lapurtuen auzirako fiskal bat izendatuko dute.
Zerrenda bat egin nahi du Espainiak ustez lapurtutako haurren datuekin
Senideek elkar topatzea eta afera zenbatekoa den argitzea da zerrendaren helburua; «adabakitzat» jo dute neurria senideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu