Zerrenda beltzak salatzeko lehen elkarretaratzea egin dute Iruñean

Astelehenero eginen dute mobilizazio bat, Nafarroako «zerrenda beltzak eta torturak» salatzeko

Atzo, Iruñean, PSNren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzea. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Lehendabizikoa. Nafarroan azken operazioan atxilotutako pertsonen senitartekoek astelehenero elkarretaratzeak eginen zituztela iragarri zuten joan den astean, eta atzo arratsaldekoa izan zen aurrenekoa. Utzi gure seme-alabak bakean, aski da! lelopean, ehun pertsona inguruk bat egin zuten Sarasate pasealekuan, 20:00etan, PSNren egoitzaren aurrean, atxiloketak, torturak eta zerrenda beltzak salatzeko asmoz. «Gure seme-alabak atxilotzen jarraitzen badute, guk hemen elkartzen jarraituko dugu. Astelehenero etorriko gara, eta asteartean atxilotzen badituzte, asteartean ere bai», erran zuten.

Ordu erdiz egon ziren sozialisten egoitzaren aurrean, 20:30 arte. Isilik. Espainiako Poliziaren bi furgoneta elkarretaratzean parte hartu zutenen aurrean izan ziren protestak iraun zuen denbora guztian.

«Sorgin ehiza»

Errepresio politikoa salatzeko ekimena da atzo arratsaldean martxan jarri eta astelehenero eginen den elkarretaratze hori. Atxilotutako azken gazteen senideek argi dute «sorgin ehiza» badela, eta «torturaren erabilerarekin, zerrenda beltzetan daudenen kopurua handitzen» ari dela uste dute.

Gaur egungo egoeraren arduradun nagusia Espainiako Gobernua dela argi dute senitartekoek, eta, ondorioz, erakunde horrengan konfiantzarik ez dutela azpimarratu dute. Herritarrengan, ordea, badute konfiantzarik: «Badakigulako herritarren zati handi bat prest dagoela izugarrikeria honen inguruan konpromisoak hartzeko».

Herritarrei ez ezik, alderdi politikoei, sindikatuei eta eragile sozialei ere eskatu diete atxilotuen senitartekoek astelehenero eginen dituzten elkarretaratzeetan parte hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.