Donostia Antitaurina Orain plataformak deituta, erdialdea igaro du manifestazioak; besteak beste, "zezenak zelaian", "animaliak askatu", "zezenketarik ez" eta "Donostia antitaurinoa" oihukatuta.
Nora Barragues plataformako bozeramailearen esanetan, arrazoi ugari dituzte protestarako: “Urte hauetan guztietan, diru publikoko milioika euro gastatu dituzte Illunben; zezenketak defizitarioak dira; eta ez dugu nahi gutxiengo batek gure dirua erabiltzea".
Alderdi politikoei eskatu die ez erabiltzeko "euren interesen alde” zezenketen inguruko eztabaida. Udal gobernuari ere mintzatu zaio: “Intolerante eta intransigentetzat jo gaituzte, legezkoa den zerbait debekatu nahi izateagatik. Legezkoak izan ziren esklaboen salerosketa eta emakumeen aurkako tratu txarra ere. Legea eta etika ez doaz beti eskutik; herriak erabakitzen ditu bere arauak”.
Hiru urteren ostean egingo dituzte zezenketak Donostian. Izan ere, aurreko udal gobernuak iragarri zuen ez zuela gehiago itunik sinatuko Illunben zezenketak egiteko eta, udal egoitza bat den heinean, ez zutela gehiago helburu horrekin alokatuko. Erabaki hori zela eta, 2013 eta 2014ko Aste Nagusian ez zen zezenketarik izan.
Chopera familiaren enpresak Illunbe alokatu du, eta, udalaren baimenarekin, hilaren 13tik 16ra zezenketak egingo dituzte bertan. Hauteskundeak baino lehenago aurkeztu zuen eskaera Choperak, eta hauteskunde ostean egoera aldatuko zen esperantza agertu zuten Manuel Chopera enpresako ordezkariek.