«Lotsa ematen dit frantziar izateak; ez da erabaki juridikoa, politikoa baizik». Hitz horiekin azaldu du CRAC Errotik Zezenketen Aurka Dagoen Batzordeko presidenteorde Jean-Pierre Garriguesek bere iritzia, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak harturiko erabakiari buruz. Zezenketak legezkotzat jo dituzte epaileek eta, ondorioz, atzera bota dute animalien eskubideen aldeko taldeek egindako debeku eskaera. Etsita gelditu dira zezenketen kontrakoak, baina lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute; aldekoek, berriz, erabakia txalotu eta ospatu egin dute.
Animalien kontrako tratu txarrek bi urte arteko espetxe zigorra eta 30.000 euro bitarteko isuna eragin dezakete, Frantziako legearen arabera. Arau horrek, ordea, salbuespenak ditu zezenketak ohitura diren hirietan; 50 inguru dira, denera, baldintza horien barruan sartzen diren hiriak. Horietan, zezenak toreatzeko eta hiltzeko jarduera baimenduta dago. Euskal Herrian, Baionari eragiten dio lege horrek. Zezenketak baimenduta daude, beraz, Lapurdiko hiriburuan.
CRAC eta DDA Animalien Eskubideak taldeek uste dute Frantziako Konstituzioa urratzen duela animalien kontrako tratu txarren inguruko legearen barruan zezenketak salbuespentzat hartzeak. Horregatik jo dute Kontseilu Konstituzionaleko epaileengana. Epaileok, ordea, ez dute haien argudioekin eta iritziekin bat egin. Salbuespenak ez duela Frantziako Konstituzioa urratzen ebatzi dute, eta diputatuek zehaztu behar dutela zezenketak zer-nolako egoerata eta baldintzatan baimenduko dituzten.
Legeak dioenez, zezenketak ohituratzat dituzten hirietan baimendu ahal izateko, jarduera horrek etenik gabekoa behar du izan. Animalien aldeko taldeek, hain zuzen ere, auzi hori nabarmendu dute debeku eskaera egin dutenean; haien ustez, «anbiguoa» delako. Kontseilu Konstituzionala ez da ados agertu. Zalantzarako tarterik ez dagoela erran du. CRAC eta DDA taldeetako kideen hitzetan, epaileek ez dute auzian sakontzeko urratsik egin nahi izan. «Ezin da erran legeak zalantzarako tarterik ez duela, kontuan hartuta Alesen, adibidez, 70 urtez zezenketak bertan behera gelditu eta gero baimendu direla», salatu du DDA taldeko kide David Chauvetek, Garriguesekin batera plazaratu duen prentsa oharrean.
Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren erabakia kolpea izan da animalien eskubideen alde lan egiten duten taldeentzat, baina CRAC eta DDAko arduradunek argi utzi dute zezenketak debekatzea lortzeko bidea ez dela oraindik amaitu. «Zezenketen aurkako borrokan etapa bat baino ez da izan oraingoa; aurrera jarraituko dugu, gupidak zezenketen krudeltasuna bazter utzi arte». Afera Europako Giza Eskubideen Auzitegira eramateko asmoa badutela iragarri dute taldeok.
Zezenketei buruz hagitz bertzelako iritzia dute haien alde egiten dutenek. Haien artean poza eragin du Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren erabakiak; zezenketen kontra daudenen porrot gisa hartu dute. «Erabaki horrek Frantziako kultur ondarea indartu egin du; hagitz kontent nago»; Zezenketak Egiten Dituzten Frantziako Hirien Elkarteko buru Genevieve Darrieussecquek hitz horiekin hartu du auzitegien erabakia. Frantzian, hain zuzen, kultur ondare izendatu zituzten zezenketak iazko apirilean. Kultur ondare izendatze horrek eragin du, neurri handi batean, zezenketen kontrako taldeen oraingo kanpaina.
Baionan ere, txalotu eta ospatu egin dute epaileek zezenketak legezko jo izana. «Zezenketak ez dira alderdikoiak. Kontseilu Konstituzionalaren erabakiak lasaitu egin nau. Erabakiak lasaitu egin nau. Zezenketak legezko direla berretsi dute epaileek», nabarmendu du Baionako zezen plazako zuzendari Olivier Baratxartek.
Lege proposamena
Frantziako Kontseilu Konstituzionalak hartu du bere erabakia, baina horrek ez du erran nahi zezenketen inguruko eztabaida amaitu egin denik. CRAC eta DDA taldeek epaitegietan borrokatzeko asmoa dutela argi utzi dute. Bide hori, bestalde, ez da bakarra izanen. Jean-Pierre Garriguesek gogora ekarri du egun gutxi barru zezenketak debekatzeko lege proposamena aurkeztuko duela Genevieve Gaillard diputatu sozialistak Frantzian.
Karrikan ere eztabaidak aurrera jarraituko duela ziur dira animalien eskubideen aldeko taldeetako ordezkariek. Kontseilu Konstituzionalak zezenketak legezkotzat jo arren, auzia erakunde horretara eraman izanak iritzi, eztabaida eta hausnarketak piztu dituela nabarmendu dute, eta horrek zezenketen aurkako mugimenduari egiten diola mesede nabarmendu dute.
Taldeon datuen arabera, Frantziako herritarren %57 dago zezenketen kontra. Zezenketen aldekoek ez dituzte datu horiek ontzat eman, eta hainbat inkestaren arabera zezenketen kontra diren herritarren kopurua guztien erdira ere ez dela ailegatzen erran dute. «Ez dugu datuen borroka horretan aritzeko arazorik. Alderantziz, nahiko genuke herritarren artean galdeketak egitea zehazki jakiteko zenbat diren zezenketen alde», nabarmendu du Garriguesek.
Zezenketen kontrakoak etsita gelditu dira, Frantziak legezkotzat jo eta gero
Konstituzio Kontseiluak ez du animalieen aldeko taldeen debeku eskaera aintzat hartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu