Unai Ziarreta EAko presidente eta Bizkaiko zerrendaburuak aitortu du bere alderdiak "oso emaitza txarrak" lortu dituela, legebiltzarkide bakarra lortu dutelako. "Porrot egin dugu", esan du 22:35ean. Bihar egingo du EAko zuzendaritzak bilera eta Ziarretak aurreratu du bere kargua alderdiaren esku utzi duela. "Unea ez da ona guretzat. Etorriko gara hobeak". Kongresu berezia deituko du EAk.
Haren ustez, EAk kanpainan lan ona egin du, "baina gizarteak ez du ulertu apustua". Berretsi egin du polo subiranista eraiki behar dela, "epe ertainera bada ere, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko".
Komunikabide publikoetan tertulianoen laguntzarik ez dutela jaso kritikatu du.
Aintzane Ezenarro (Aralar)
"Eskerrak guri botoa eman digutenei, ezker abertzale politikoa indartzeko botoa eman diguzuenei. Gure hitza duzue gaur emandako konfiantza, lau urteko lanarekin itzuliko dizuegula. Ez dizuegu hutsik egingo, gero eta gehiago gara! Hasieran proiektu honek zaila bazirudien ere, lortu dugu, egin dugu! Sinistu genuelako! Ezkertiarrak gara, abertzaleak gara, eta gero eta gehiago gara, eta gehiago izango gara, herri honek merezi duelako! Herri askea nahi dugu. Argi geratu da herri honen gehiengoa, ilegalizazioak bitarteko, abertzalea dela. Aralarrek lanean jarraituko du, ilegalizazio, kartzelatzeak... egon ez daitezen. EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian lanean segituko dugu".
Itziar Aizpurua (ezker abertzalea)
“Zorionak eman behar dizkiogu gure militantziari, kanpaina honetan ere modu honetara egindako lanagatik. Ez gara Eusko Legebiltzarrean izango, baina hortik kanpo era askora egin daiteke lan. Ezker abertzalea gizartean txertatuta dago, eta prest gaude bihartik aurrera dena emateko. Gu gara gatazkari amaiera emateko ahalmena dugun bakarrak. Abertzale eta aurrerakoiekin lan egiteko prest gaude herri hau eraikitzeko, autodeterminazioa eta lurraldetasuna oinarri hartuta”.
Antonio Basagoiti (PP)
"Egun historikoa da, ETAko jarraitzaileak ez direlako izan Legebiltzarreko hauteskundeetan, eta ez dira izango Parlamentuan. PPk, berriz, inkesta denei gain hartu die, helburuak lortu ditugu. Erabakigarriak gara Legebiltzarrean, lehen aldiz. Estatutuaren eta Konstituzioaren alde egingo dugu".
Javier Madrazo (EB)
"Kezkaz hartzen ditugu emaitzak, eta kezka dugu, gizartearen eta klase politikoaren artean dibortzioa dagoelako. Parte-hartzeak behera egin dugu berriz ere".
Rosa Diez (UPyD)
"Demokraziaren festa izan da eta oso pozik gaude emaitzekin".
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Ziarretak EAren esku utzi du presidente kargua
Bere alderdiak "oso emaitza txarrak" lortu ditu aitortu du, "porrot" egin dutela. Ezenarro: "Gero eta gehiago gara!". Itziar Aizpuruak dio prest daudela bihartik "abertzale eta aurrerakoiekin herri hau eraikitzeko". PP: "Lehen aldiz erabakigarriak gara". EBk "kezkaz" hartu ditu emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu