Zierbenako idazkariak ez du onartu alkatea kargutik kentzeko zentsura mozioa

Sei zinegotzik sinatu dute eskaera, baina onar dadin bederatzi hautetsietatik zortzik babestu behar dutela dio

Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Zierbena Betik, Bilduk eta EAJren udal taldetik kanporatutako ordezkariek Zierbenako alkatearen aurka aurkeztutako zentsura mozioa ez du tramiterako onartu udaleko idazkariak. Mozioa bost zinegotziren izenean aurkeztu da eta beste baten sinadura du. Baina, ez dela nahikoa esan du idazkariak; eskaera onartu ahal izateko, Zierbenako Udalak dituen bederatzi zinegotzietatik zortzik babestu beharko luketela mozioa. Ezezkoaren ondoren, Marce Elorza jeltzaleak jarraituko du alkate, EAJko bi ordezkariren babesa besterik ez duela.

EAJk bost ordezkari lortu zituen azken hauteskundeetan Zierbenan. Independenteek osatutako Zierbena Beti taldeak bi ordezkari eskuratu zituen, eta beste bi Bilduk. EAJko Elorza hautatu zuten alkate.

Baina Udalaren osaera aldatu egin da. Zierbena Portua udal sozietatean ustez izandako irregulartasunek liskarra eragin dute, eta salaketarekin bat egin duten EAJko hiru zinegotzi, taldetik kanporatu zituen alkateak ekainean. Ondorioz, bost zinegotzitik birekin geratu da EAJ. Kanporatutako hiru kideek eta Bildu, Zierbena Bai eta EAJren taldeetako bina zinegotzik osatzen dute orain udala.

Gauzak horrela, Zierbena Betiko bi zinegotziek, Bildukoek eta EAJtik kanporatutako batek, alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute; lehen talde jeltzalekoa zen beste kide baten sinadura ere bazuen eskaerak. Udaleko idazkariak ohartarazi du, ordea, 2010eko azaroan hauteskunde legea aldatu zenean, transfugei indarra kendu eta zentsura mozioak aurkezteko baldintzak aldatu ziren. Idazkariaren interpretazioaren arabera, gehiengo osoari transfuga kopurua gehitu behar litzaioke zentsura mozioa onartzeko. Hortaz, Zierbenako kasuan, bederatzi zinegotzitik zortzik babestu behar lukete.

Alkatearen ordezkotzat aurkeztutako Eloy Tejada Zierbena Betiko kideak «onartezintzat» jo du idazkariaren jarrera; zentsura mozioa gauzatzeko ahaleginetan jarraituko dutela ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.