Zigarreta elektronikoak toki publikoetan erretzea galaraziko dute. Besteak beste, osasun zentro, administrazio eta garraio publiko eta batez ere arreta zerbitzuetan ezingo dira gisa horretako produktuak kontsumitu. Alabaina, aurrerantzean leku itxi guztietan erretzea debekatzeko asmoa du Espainiako Osasun Ministerioak, tabakoarekin egin bezala. Hala hitzartu du gaur goizean autonomia erkidegoekin eta gizarte zerbitzuekin.
Ana Mato Osasun ministroak adierazi duenez, Espainiako Parlamentuko talde guztiei egin diete proposamena, eta neurria aztertzeari ekingo diote. Urtarrilean indarrean jartzea espero du Matok. Aurrerago erabakiko dute, beraz, zigarreta elektronikoak toki itxi orotan debekatzea edo ez. Denbora gutxian asko hazi da zigarreta elektronikoaren erabilera, modako produktua bilakatzeraino. Euskal Herrian, oro har, denda asko ireki dituzte, hiriburuetan batik bat. Euskal marka bat ere sortu dute, Prestige Smoke izenekoa.