Biztanle bakoitzeko 4.790 euroko aurrekontua du AHT abiadura handiko trenak. Informazio hori herritarren esku jarri nahi du Mugitu! mugimenduak, eta horretarako, herritarren billeteak AHT stop. 4.790 euro/pertsona leloarekin zigilatzen ari dira. Iruñean, Bilbon eta Donostian aritu ziren atzo billeteetan zigilua jartzen. Nahi dute toki batetik bertzera mugitzen diren bitartean billeteek zabaltzea AHTa «diru publikoa xahutzen duen proiektua» dela.
Horixe erran zuen taldeko kide Raul Olorizek atzo Iruñean. Mugimenduko kideekin batera, artearen, musikaren, bertsolaritzaren, literaturaren eta sindikalismoaren esparruko zenbait ordezkari aritu ziren atzo AHTaren aurka protestan. Iruñean, Gazteluko plazan, egin zuten bat. Tartean zeuden Santi Leone idazlea, Aitor Txarterina marrazkilaria, Mikel Soto Txalapartako editorea eta Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua.
Atxikimendua agertzeaz gain, haien billeteetan AHTaren kontrako zigilua jarri zuten Mugitu! mugimenduko kideekin bat egin zutenek. Herritarrek ere parte hartu zuten atzoko protestan. Ez da gisako lehendabizikoa izan. Urtarrilean ere Euskal Herriko hainbat herritan aritu ziren billeteak zigilatzen. «Zenbait herritan isunak jaso ditugu, mahaiak jartzeagatik», azaldu zuen Olorizek. Atzo, Gazteluko plazan, Espainiako Poliziaren furgoneta bat bertan egon zen protestak iraun bitartean, baina poliziak ez ziren hurbildu Mugitu! mugimenduko kideengana.
Atzo Bilbon, Iruñean eta Donostian egindako ekintzak segida izan dezan nahi dute AHTaren kontrako ekintzaileek, eta herritarrei egin diete hori gauzatzeko deia. «Har dezatela lekukoa, zigilatutako billeteak abiadura handiko trena bultzatu dutenen eskuetara hel daitezen». Gogoeta bultzatu nahi dute, AHTa gelditu ahal izateko.
Zigilua, dirua xahutzen ari direla errateko
Kulturako, kiroleko, sindikalismoko eta bertze hainbat esparrutako jendearen atxikimendua jaso du Mugitu! mugimenduak abiadura handiko trenaren aurka; karrikan salatu dute proiektu horren eragina eta duen aurrekontua, Iruñean, Bilbon eta Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu