Zigor ereduak mendekua baino ez duela bilatzen azpimarratu dute

Ikusbidek espetxe ereduari buruzko jardunaldiak antolatu ditu, eta hemengo espetxeak aztertu dituzte

Estitxu Ugarte
2007ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
«Epaileak giltzaperatu egiten ditu, eta espetxeak gainerako eskubide guztiak kentzen dizkie». Langraizko (Araba) espetxeko apaizaren hitzak dira. Egungo espetxe politikaren inguruan presoekin lan egiten duten gizarte eragileek duten iritzia laburbiltzen dute adierazpenok. Izan ere, elkarte horien irudiko, mendekua da egungo zigor sistemaren oinarri nagusia, eta mendekua hartzeko lehenbizi askatasuna kentzen zaie herritarrei, eta behin kartzelatuta, gainerako oinarrizko eskubide guztiak urratzen zaizkie.

Ikusbidek antolatuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen errealitateari buruzko hainbat hausnarketa partekatu dituzte Salhaketa, IRSE, Bidesari, Arabako Hiesaren Aurkako Taldea eta Lur Gizen elkarteetako kideek. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak ere parte hartu zuen, atzo goizean, Gasteizko campusean egin zen bilkuran. Asmoa zen egungo espetxe sistemaren erradiografia egitea, eta aurrera begirako proposamenak mahai gainean jartzea.

Ikusbide elkarteko koordinatzaile Cesar Manzanosek zabaldu zituen jardunaldiak. Egungo espetxe eredua ezaugarritzen duten aldeak nabarmendu zituen, eta sistema horren aurrean, delituari aurre egiteko neurri sozialak galdegin zituen. Ikusbideko eledunak nabarmendu zuenez, gizarteak dituen arazoei aurre egiteko, sistematikoki erabiltzen ari da kartzela, eta eredu horrek porrot egin du.

Izan ere, Manzanosen aburuz, kartzelak salbuespena izan beharko luke, eta zigor neurri alternatiboak arau bilakatu beharko lirateke. «Egun, ordea, kontrakoa gertatzen ari da, eta espetxeak segurtasun arazoa bilakatzen ari dira, presoen segurtasuna ez dutelako bermatzen, gizartearen segurtasuna ez dutelako bermatzen, eta biktimei zor zaien ordaina ez dutelako bermatzen».

Gainera, Manzanosek adierazi zuenez, Europako herrialde gehienek ez dute berezko sistema propioa garatu, eta 'zero tolerantzia'rekin zerikusia duen Estatu Batuetako filosofia bere egin dute. «Alegia, pobreziaren, immigrazioaren, eta baztertzearen kriminalizazioa bultzatzen dute, eta zigor neurriak ezartzen dituzte».



KARTZELA GEHIAGORIK EZ. Ikusbideko koordinatzaileak aipatutakoaren ildotik, Salhaketako ordezkari Carlos Hernandezek espetxeetan dagoen egoeratik abiatu zen egungo zigor eredua arbuiatzeko. Langraitzen, Basaurin eta Martutenen dagoen arazorik larriena presoen pilaketa dela azaldu zuen. Horrek gatazka ugari sortzen ditu, eta bizi kalitatea erabat murrizten du. Arazoari aurre egiteko, baina, kartzela gehiago eraikitzea planteatzen ari dira instituzioak, eta Salhaketaren irudiko, horrek ez du hankarik ez bururik. «Gizarteak dituen arazoak eta gatazkak konpondu behar ditugu, eta kartzelek ez dituzte arazo horiek zuzentzen, larriagotzen dituzte», esan zuen Hernandezek.

Bigarren arazo nagusia presoen urruntzea da. Hernandezek aipatu datuen arabera, 2005. urtean,Euskal Herritik kanpo zeuden preso bizkaitarren %50, arabarren %89 eta gipuzkoarren %50,11. Salhaketako eledunaren arabera, urruntzea egungo espetxe sistemaren berezko gaitza bada ere, sarritan zigor gisa ere erabiltzen dute. Bestetik, presoek pairatzen dituzten torturak eta tratu txarrak hizpide izan zituen Hernandezek. «Espainiako Gobernuak ez du aitortu nahi torturak, tratu txarrak eta sexu jazarpenak daudela espetxeetan, nahiz eta Espainian urtero 700 inguru jaso horregatik.Hala, salaketa gehienak paper ontzira botatzen dituzte».

Egungo zigor ereduaren kontra hitz egin zuen ere Langraizko espetxeko apaiza Txarli Martinez De Bujandak, eta haren esperientziatik abiatu zen presoei kartzelan gehitzen zaizkien zigorrak arbuiatzeko. «Askatasuna kendu die epaileak presoei, baina ez dut uste zigortu dituen ere familiarekin ez hitz egitera, edo ziegan idazteko makina ez izatera», azaldu zuen Martinez De Bujandak.

Apaizak gaineratu zuenez, egungo espetxeak leherkariak bihurtu dira, eta gehiago eraikitzea baino, barruan dauden hainbat lagun pixkanaka kaleratzen hasi beharko liratekeela uste du. «Espetxe gehiago eraikitzen baditugu, beteko ditugu, eta egin behar duguna da barruan dauden lagun preso asko kaleratzen hasi».

Bestetik, Arabako kartzelan igarotako une gogorrak gogora ekarri zituen Martinez De Bujandak, eta Langraizko zuzendaria aldatu zutenetik giroa lasaitu dela nabarmendu zuen. Nolanahi ere, osasun arazoak, pilaketa, eta azpiegitura eza arazo kronikoak direla oraindik ere azpimarratu zuen.



«Presoen eskubideek ez dute zerikusirikeskumen arazoekin»

Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu Joseba Azkarragak jardunaldietan egin adierazpenak ez zituzten gustuku izan hainbat hizlarik. Jaurlaritzak espetxe zaintzako eskumenak izanez gero, espetxe eredua hobetuko litzatekeela agindu zuen Azkarragak, eta EAEko kartzelen egoera zuzenduko litzatekeela.

Nolanahi ere, egun, Eusko Jaurlaritzak dituen eskumenak presoen eskubideak bermatzeko ez erabiltzea leporatu zioten Azkarragari besteak beste, Langraizko apaiza Txarli Martinez de Bujandak. Haren esanetan, Justizia Sailaren menpe dagoen presoen ospitale unitatea «lehen gradu hutsa da, eta Ertzaintzaren tratua laidogarria da».

Halaber, Lur Gizen elkarteko kide Antonio Erraztik «Azkarragaren espetxe idilikoak» zalantzan jarri zituen.

Bestetik, Arabako Hiesaren Kontrako Asanbladako kide Jose Maria Loizagak espetxe sistemaren aldaketa zuzentzeko eskatu zion Azkarragari, eta eskumen arazoak daudela esateari uzteko. «Presoen oinarrizko eskubideek ez dute zerikusirik eskumen arazoekin», nabarmendu zuen Loizagak. Gainera, dituen eskumenak erabiltzekogaldegin zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.