Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Miguel Angel Carballok Zigor Goikoetxea gaztea 72 orduz atxilotzeko eskatu du. Getxoko (Bizkaia) gaztea hiri bereko PP Alderdi Popularreko zinegotzi Marisa Arrueri heriotza mehatxuak egin izanaz akusatuta dago. Gaur eraman dute epailearen aurrera, eta jarraian Madrilgo Soto del Real espetxean sartu dute.
Fiskaltza Goikoetxea baldintzarik gabeko kartzelatzea eskatzekoa zen hasieran, baina gerora erabaki dute behin-behineko atxiloaldia galdegitea. Fernando Andreu epaileak darama kasua. Tarte horretan Arruerekin harremanetan jarri nahi dute, honek Goikoetxearen kontra jarri zuen salaketa berresten duen jakiteko. 72 orduko epe hori igarota Arrue ez badute topatu, edota honek ez badu salaketa berretsi, orduan aske laga beharko dute Goikoetxea.
Arrue bihar dago deitua deklaratzera, goizeko 9:00etan. Bitartean, Goikoetxearen aurkako saioak bihar 12:00etan jarraituko du, Askatasunak jakitera eman duenez.
Erakunde honek gogor salatu du "azoka batean politikari batzuen aurrean protesta egitea horrelako jazarpenekin ordaintzea", eta egoera honen erantzukizuna "errepresioarekin itsuturik" dauden gobernuei egotzi die.
Gazteak zinegotzi eskuindarraren kontra ustez heriotza mehatxuak egin zituen joan den abuztuaren 10ean, Algorta auzoko festetan.
Zigor Goikoetxea Arkaitz Goikoetxearen anaia da. Azken hau joan den uztailaren 22an atxilotu zuten, Bilbon, ETAren Bizkaia talde-ko kidea izateaz akusatuta. Berehala espetxean sartu zuten.
Politika
Zigor Goikoetxea 72 orduz kartzelatu dute, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman ostean
Getxoko PPko zinegotzi Marisa Arrueri ustez eginiko heriotza mehatxuengatik epaile aurrera eraman dute gaur. Arruek salaketa berresten badu, litekeena da espetxealdia luzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu