Espainiako Poliziak Zigor Goikoetxea atxilotu du bart Getxon (Bizkaia), Algortan. Albiste agentziek Polizia iturriak aipatuz jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra betearazteko atzeman dute. Marisa Arrue Getxoko PPko zinegotziari herio mehatxuak egin zizkiolakoan, bi urteko espetxe zigorra ezarri dio auzitegiak. Espainiako Auzitegi Gorenak asteon berretsi du zigorra.
Baldintzapeko askatasunean zegoen Goikoetxea. Gara egunkariaren arabera, atzo gauerdia aurretik atzeman zuten, taberna batean zegoelarik.
Gaur beste lagun bat atxilotu du Guardia Zibilak, Espainiako berri agentzien arabera: Igor Maiora, Oiartzunen (Gipuzkoa). Haren aurkako atxilotze agindua zegoen, ustezko kale erasoengatik Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketara ez azaltzeagatik. 2007an atzeman zuten, Gasteizen, kutxazain automatiko bat erre zuelakoan. Kartzelan sartu zuten eta 2008an atera zen libre, behin-behinean.
ATXILOKETAK
Zigor Goikoetxea atxilotu dute Getxon eta Igor Maiora Oiartzunen
Aurrena kartzela zigorra betetzeko atzeman dute, bigarrenaren aurka ustezko kale erasoengatik atxilotzeko agindua zegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu