Zigor irmoa du Azkueren hiltzaileak: hamar urte adingabe zentro batean

Adingabeen Auzitegiaren epaia bere egin du Probintzia Auzitegiak: hilketa gazteari egotzi ahal izateko nahiko froga badagoela iritzi dioArgudio «hutsalak» ematea leporatu diote epaileek defentsari; helegite bat jar dezakete

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Gehienezko zigorra bete beharko du Amaia Azkue hil zuen gazteak: hamar urte egingo ditu adingabeen egoitza batean, eta beste bost zaintzapean. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak berretsi egin du Adingabeen Auzitegiak emandako epaia. Defentsako abokatuaren argudioak atzera bota dituzte epaileek, banaka-banaka: gaztearen kontrako frogak baliozkoak direla erantzun dute, behar bezala zaindu zituztela, eta nahikoa badirela errudun jotzeko. Irmoa da epaia, baina helegitea jartzeko aukera du defentsak.

Erlojuaren kontra aritu da lanean auzitegia Azkueren hilketari buruzko bigarren epaia kaleratzeko. Hilketa egindakoan adingabea zen akusatua, eta haientzako legearen arabera epaitu dute. Zigorra txikiagoa izatea ekarri dio horrek, eta azkarrago egitea prozedura guztia. Bihar beteko dira bederatzi hilabete gazteak hilketa aitortu zuenetik. Behin-behinean epe horretan egon daiteke gazte bat adingabeen egoitza batean; hortaz, biharko epairik ez izatekotan, libre utziko zuten akusatua, Ander E., behin-behinean.

Finean, adingabeen epailearen tesiarekin erabat bat egin dute Probintzia Auzitegiko magistratuek: froga guztiek gaztea lotzen dutela hilketarekin. «[Aurreko] sententziak oinarri zituen frogek nahikoa pisu eta gehiago dute egiaztatutzat jotzeko akusatuak egin zituela ekintza horiek». Beste aukerarik ez dagoela diote, gainera: «Egindako frogetatik ezin dugu atera bestelako ondoriorik».

Helburua ez du bete, horrenbestez, akusatuaren abokatuak, Joanes Labaienek. Hutsuneak bilatzea izan da haren estrategia: frogak ezbaian jarri ditu, esanez ez dituztela behar bezala babestu eta ez direla aski errugabetasun ustea urratzeko. Oinarri bat bazuen alde: inork ez zuen ikusi erasoa. Hori horrela izanik ere, bada zigorra jartzeko funtsik, epaileen esanetan: «erabatekotzat» jo dituzte gazte azpeitiarra hilketarekin lotzen duten frogak. «Askotarikoak» dira froga horiek, errugabetasun ustea ahultzerainokoak.

Sententzian behin eta berriz aipatu dituzte frogak: gaztearen hatz markak zeuden Azkueren autoan, gidariaren aldean; inguruan agertutako objektu batzuetan andrearen eta akusatuaren arrastoak daude, nahasian; gaztearen oinetakoetako lokarriekin agertu zen lotuta hilotza; akusatuaren pistola bat agertu zen Azpeitiko Ibai-Eder urtegian, gorpua zegoen lekutik hurbil; eta gazteak hilketa aitortu zuen bere kabuz —gero bertsioa aldatu zuen—. Epaileen ustez, «arrazoizkoa» da hari leporatzea hilketa.

«Giza logikarekin bat»

Akusatuaren kontraesanak ere hartu dituzte hizpide epaileek, defentsako abokatuak mahai gainean jarritako zalantzak uxatze aldera. Adingabeen Auzitegiak «sinestezintzat» jo zuen gaztearen bigarren bertsioa —hilketa beste pertsona bati egotzi zion—, eta hori bere egin du Probintzia Auzitegiak, esanez «giza logikarekin bat» datorrela epaileak esanikoa.

Ez dituzte babestu, beraz, defentsaren frogak. Lekuko batzuen testigantzei indar gehiago ematea nahi zuen Labaienek, gaztea erantzule ez jotzea ekarriko zuelakoan horrek. Epaileek erantzun diote froga batzuek agerian utzi dutela okerrak direla lekukotasun batzuk, eta akusatuaren bigarren bertsioa gezurra dela ere iradoki dute: «Defentsa bidezkoaren arabera soilik uler daiteke».

Helegitea berrikusteko saioan, lekuko bat eraman zuen defentsako abokatuak, akusatuaren inguruko andre bat. Epaiketan ere izan zen, eta eraso egin zioten gero. Salatu zuen irain egin ziotela kasuaren harira, eta jo egin zutela. Epaileek diote ezin dutela erasoa kasuarekin lotu —hori nahi zuen defentsak, hiltzailea aske dagoela frogatzeko—, eta kontuak eskatu dizkiote Labaieni: helegitea xehetasun «hutsaletan» oinarritu izana aurpegiratu diote.

Aurreko epaia erabat babestu du auzitegiak, ez baitu uste «logikarik edo arrazoirik gabea» denik. Gaztearen bertsioa, bai, hori jo du funtsik gabekotzat, eta hilketa aitortuz egindako deklarazioaren garrantzia nabarmendu du. Hortaz, zigorrak berretsi egin ditu: hamar urtez egon beharko du gazteak adingabeen zentro batean; handik atera, eta beste bost urtean zaintzapean izango dute, eta hurrengo bi urteetan ezingo da joan Zarautzera, Getariara eta Oriora, han bizi baitira Azkue zenaren hurkoak. Kalte-ordaina eman beharko diete gaztearen gurasoek haiei: 920.000 euro guztira.

Sententzia berretsita, gustura agertu da Miguel Castells, azkuetarren abokatua. Epaia irmoa dela nabarmendu du: gaztea jada zigorra betetzen hasi dela, alegia. Helegitea jartzeko aukera du defentsak, baina, Castellsen ustez, aukerarik ia ez du aurrera egiteko. «Amaia Azkueren hilketaren kasua bukatu da niretzat», esan du. Labaien abokatuak ez du jakinarazi helegitea jarriko duen. Hamar eguneko epea du: auzitegi berean jarri beharko luke errekurtsoa. Teknikoa beharko du izan helegiteak: frogatu beharko du horrelako beste kasu batzuetan ez duela berdin jokatu auzitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.