Espainiako Gobernuak Zigor Kodea gogortu nahi du, «indarkeriazko espiralari» aurre egiteko. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak aurreratu duenez, desobedientziazko ekintzei ezartzen zaizkien zigor tipoa aldatu nahi du PPren gobernuak, eta ekintza horietako batzuk autoritatearen aurkako delitu gisa edo ekintza «terrorista» gisa tipifikatu nahi ditu. Horrek ekarrikoluke, besteak beste, gisa horretako ekintzak gutxienez bi urteko espetxealdiarekin zigortzea, eta parte hartzaile edo egileen behin-behineko espetxealdia eskatzeko aukera ematea Fiskaltzari.
Barne Ministerioa Justizia Ministerioarekin batera prestatzen ari da erreforma, eta urtea amaitu baino lehen tramitatu nahi du. Espainiako Gorteetako bi ganberetan duen gehiengo osoa baliatu luke horretarako PPk. Aurrera eginez gero, 1995. urteko Zigor Kodearen 28. erreforma izango litzateke.
Erreformaren nondik norakoen berri emateko agerraldia egin zuen atzo Jorge Fernandez Diazek, Espainiako Gobernuaren kontrol saioan. Baina ez zuen zehaztasun handirik eman. PPko diputatu Maria Angeles Estellerren galdera bati erantzunez, adierazi zuen Zigor Kodeak «erreforma sakon bat» behar duela, haren ustez, «Espainia osoan» indarkeriazko ekintzak «orokortzen» ari direlako azken aldian. Adibide gisa jarri zituen martxoaren 29ko greba orokorrean Katalunian izandako istiluak.
Gobernuaren asmoen aurka azaldu dira IU, ICV eta ERC. Alderdi politiko horien ustez, PPk aurre hartu nahi die lan erreforma dela edo bestelako neurri batzuk direla, datozen hilabeteotan egin daitezkeen manifestazio, elkarretaratze eta bestelako protesta ekintzei.
Desobedientzia, atentatu
Fernandez Diazek orain arte egin dituen agerraldietan ez du zehaztasun handirik eman. Barne ministroak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuaren helburua izango litzateke «ordena publikoa kaltetu» nahi duten eragile eta norbanakoak «gogorrago» zigortzea. «Uste dugu gogortu behar dela indarkeria erabiltzeko zilegitasuna dutenen agintea», esan du.
Aurreikusten dituen neurrietako bat izango litzateke kale istiluak «kale terrorismoarekin» berdintzea. Horrek ekarriko luke, Fernandez Diezen hitzetan, «ekintza bandalikoetan» parte hartzen dutenei «kale terrorismoagatik» aurreikusitako zigorrak ezarri ahal izatea.
Barne ministroaren arabera, «indarkeriazko espiral» batean sartu dira «sistemaren aurkako taldeak», eta «kale gerrilletako teknikak» erabiltzen dituzte. «Talde» horien artean kokatu ditu, adibidez, otsailean Valentzian izandako istiluetan parte hartzea leporatuta atxilotutako ikasleak.
«Talde kriminal» bateko kide direnen tipologia ere zabaldu nahi du gobernuak. Fernandez Diazek azaldu duenez, edozein hedabidetan, baita Interneten ere, «ordena publikoari larriki kalte egin diezaioketen ekintzak zabaltzen dituztenei» talde horietako kide izatea leporatzeko aukera eman nahi du Gobernuak.
Desobedientzia zibila ere jarri du Zigor Kodearen erreformarenjo puntuan. Poliziaren aurrean erresistentzia aktibo edo pasiboa praktikatzen duenari «autoritatearen aurkako atentatua» leporatzeko aukera zabaldu nahi du. Zigortu nahi dituzten desobedientzia ekintza horien artean egongo lirateke bereziki greba egunetako mobilizazioetan ohikoak diren hainbat ekitaldi. Fernandez Diazek adierazi duenez, desordena publikoko delitu gisa hartuko lirateke, besteak beste, protesta ekintza batean erakunde publikoetako eraikinetan sartzea eta erakin horietako sarrerak edo zerbitzu publikoen funtzionamendua trabatzea.
Zigor Kodea gogortu nahi du PPk, «indarkeriazko espiralari» aurre egiteko
«Erresistentzia pasiboa» autoritatearen aurkako atentatu gisa zigortu nahi du Espainiako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu