martxoak 3

"Zigorgabetasunaren" aurkako jardunaldiak antolatu dituzte

Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak tramiterako onartu du Martxoak 3 elkarteak Espainiaren aurka jarritako kexa formala.

Poliziak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hil zituen bost langileei omenaldia, iaz. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
edurne begiristain
2016ko otsailaren 22a
07:29
Entzun

Aurten 40 urte beteko dira Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile hil eta beste ehunka zauritu zituenetik, eta jardunaldi batzek egingo dituzte Arabako hiriburuan, 1976ko martxoaren 3ko gertaerak oroitu eta Espainiako "zigorgabetasuna" salatzeko. Hilaren 29an eta martxoaren 1ean izango dira nazioarteko topaketak, Gasteizen, Artium museoan. Lehen aldiz, erakunde publiko askok parte hartuko dute martxoaren 3ko gertakarien omenezko ekitaldi batean: Europako Parlamentuko EAJ eta EH Bildu taldeek, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak babestu egin dituzte jardunaldiak.

Gaur goizean aurkeztu dituzte jardunaldiak Andoni Txasko Martxoaren 3ko biktimen elkarteko bozeramaileak, Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak eta Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatuak. Azaldu dutenez, hiru arlo jorratuko dituzte topaketetan: egia, zigorgabetasuna eta ordaina. Bi egunetan, hogeita hamar pertsona entzutetsu baino gehiago izango dira Gasteizen mahai inguru eta eztabaidetan: besteak beste, Ricard Vinyes Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna; Jone Goirizelaia abokatua; Aitzol Azpiroz, Agurtzane Juanena, Pili Zabala eta Andoni Txasko biktimak; Carlos Slepoy gizateriaren aurkako krimenetan abokatu aditua; Fabian Omar Salvioli Nazio Batuetako Giza Eskubideen Komiteko lehendakaria eta Pablo de Greiff Nazio Batuen Giza Eskubideen Komitearen kontalari berezia. Alderdi politiko guztietako ordezkariek ere esku hartuko dute mahai inguru batean.

Izaskun Bilbaok eta Josu Juaristik gaur azaldu dutenez, Europako Parlamentuan Memoria Historikoaren alde egiten ari diren lanaren "ispilu"  dira jardunaldiak. Zehazki, jardunaldien bitartez, salatu nahi dute "zigorrik gabe" daudela oraindik ere Poliziak duela 40 urte bost langile hil izanaren erantzuleak, eta gogoratu nahi dute "zigorgabetasuna" amaitzea premiazkoa dela, eta lan egiten jarraitu behar dela biktimei "justizia, egia eta ordaina" emateko. "Oso larria da Espainian zigorgabetasuna egotea", salatu du Bilbaok.

 

Kexa, tramiterako onartuta

Nolanahi ere, Europan zigorgabetasuna amaitzeko "pausoak" ematen ari direla jakinarazi dute bi eurodiputatuek. Izan ere, Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak tramiterako onartu berri du Martxoak 3 elkarteak Espainiako Gobernuaren aurka jarritako kexa formala. Elkarteak kexa jarri zuen iazko udan, Espainiako Gobernuak uko egin baitzion Gasteizen jazotakoen erantzuleak ikerketa deklarazioa hartzeko atxilotu eta estradiatzeari, haien gainean nazioarteko atxiloketa agindua badago ere. Kexa egitearekin batera, elkarteak Europako Parlamentuari galdegin zion azter dezala ea Europako arauak urratu ote diren, eta eska diezaiola Espainiako Gobernuari 1976ko martxoaren 3ko biktimen eskaerak entzuteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.