Iñaki de Juana ETAko presoak zigorra bete zuela-eta aske geratzear zela zabaldu zenean Espainiako hainbat eragilek eta komunikabidek piztu zuten eztabaidaren ondorio da Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu duen erabakia.
De Juanaren kasuan iskanbila sortu zenez geroztik, bost batzar egin ditu epaitegi horretako Zigor Aretoak, eta prozesu horretan hainbat neurri erabaki dituzte etakide direlakoan zigortutakoen behin betiko askatasuna zailtzeko.
Finean, dagokien askatasuna baimendu aurretik kasu bakoitzean batzartuko da areto hori, bereziki presoa 1973ko zigor kodearen arabera epaitua izan den kasuetan. Presoaren inguruko dokumentazio guztia aztertuko du, ikasketa, lan eta bestelako jardunengatik izan dituen zigor murrizketetan edozein irregulartasunen bila.
Irregulartasunen bat atzematen badu, fiskalari eta presoaren defentsari argudioak eskatuko zaizkie, eta, ondoren, erabakiko du askatasuna berretsi ala zigorraren lizentziatzea bertan behera utzi eta beste erabaki bat hartu bitartean espetxealdia luzatuko dioten.
Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak bihar emango die erabaki horien berri Fiskaltzari eta Espainiako espetxe agintariei.
Presoak
Zigorra bete duten ETAko presoen askatzea zailtzeko neurriak erabaki ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak
Zigor osoa beteta eduki arren, Espainiako Auzitegi Nazionalak neurri bereziak hartuko ditu ETAko presoekin aske utzi aurretik. Zehazki, etakide direlakoan espetxeratutakoen kasuak banan-bana aztertuko ditu Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak: ezarri zaizkien murrizketak eta aringarriak zorrotz behatuko dituzte akatsen bila. Hutsegiterik sumatuz gero espetxealdia luzatzea erabaki ahal izango du Zigor Aretoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu