Frantziako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du "gaizkile arriskutsuen" inguruko legea; hots, zenbait delitu egin dituzten gaizkileak beren zigorra bete ondoren bizi guztian zentro berezietan atxikita edukitzeko aukera ematen duena. Adingabekoen kontrako delituen egileak eta helduen kontrako zenbait delitu larriren egileen kontra erabil dezakete lege berria; gutxienez, 15 urteko kartzelara zigortu behar dituzte beste espetxealdi berezia ezarri ahal izateko.
Frantziako Gobernuaren arabera, batik bat, arazo psikologikoak dituztenei aplikatuko zaie lege berria, izaera nahasmenduak eta antzekoak dituztenei, eta adituek berriro ere delituak egin ditzaketela uste dutenei. "Gaizkile arriskutsu" horiek edukitzeko "medikuntza-gizarte-lege zentro" bereziak eratuko dituzte, eta urtero aztertuko da pertsona horien egoera irteteko moduan diren edo ez erabakitzeko. Nolanahi ere, itxialdia bizi guztikoa izatera irits daiteke.
Lege berriak eztabaida handia piztu du Frantzian, eta sozialistek Auzitegi Konstituzionalera eraman zuten. Auzitegi horrek legea zilegi dela erabaki zuen joan den ostegunean, baina, era berean, Sarkozyren Gobernuaren zenbait asmo atzera bota zituen, besteak beste, lege berria atzerako eraginarekin aplikatzea. Hain justu, atzerako eraginez legea berehala erabiltzen hasi nahi zuen Sarkozyren Gobernuak. Konstituzionalak, ordea, ez du halakorik onartu, eta, horrenbestez, hemendik 15 urte arte -hori da legea baliatzeko gutxienezko espetxealdia- ezingo da aplikatu.
Gizartea
Zigorra bete ondoren espetxealdia luzatzea ahalbidetzen duen legea indarrean da Frantzian
"Gaizkile arriskutsuak" edukitzeko "medikuntza-gizarte-lege zentroak" eratuko dituzte. Jendea bizi guztian atxikita izateko aukera ematen du. Frantziako aldizkari ofizialak gaur argitaratu du legea, baina Auzitegi Konstituzionalak atzerako eraginik onartu ez dionez, hemendik 15 urtera arte ez da aplikatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu