'BATERAGUNE AUZIA'

Zigorra osorik beteta, bihar irtengo da espetxetik Rafa Diez

Auzitegi Nazionalak baimendu egin ditu Rafa Diez omentzeko ekitaldiak, Espainiako Gobernuko Kantabriako ordezkaritzak debeku administratiboa ezarri ondoren El Dueson (Kantabria, Espainia) egitekoak ziren ekitaldiari. Sei urte eta erdi eman ditu espetxean. Zuzeneko kontakizuna egingo du bihar BERRIAk.

Rafa Diezen argazkia, presoen aldeko 2012ko martxa batean. JON URBE / ARP
jon olano
2017ko abuztuaren 16a
07:11
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak baimena eman du Rafa Diezen omenez biharko antolatutako ekitaldiak aurrera eramateko, Santoñako El Duesoko espetxetik (Kantabria, Espainia) irteten denean. Adierazi du ez dela "inon ageri" deitutako ekitaldietan deliturik gertatuko denik, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ardura dela aztertzea ea ekitaldiek legea betetzen duten.

Iskanbila sortu da gaur goizean, LAB sindikatuak jakinarazi baitu Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkaritzak debekatu egin duela Rafa Diezi espetxe irteeran egitekoak ziren ekitaldia. Gobernu ordezkaritzaren arabera, hamar eta 30 egun bitarteko epea dago ekitaldiak antolatzeko asmoen berri emateko, baina El Duesokoa sei egun lehenago jakinarazi zuten. Hala ere, ordezkaritzako iturriek erantsi dute Guardia Zibilak, txosten batean, ekitaldia egitea ezetsi duela, "segurtasun arrazoiengatik".

LABek salatu duenez, "Espainako Erreinuak beste behin duen izaera antidemokratikoa besterik ez du erakusten". "Ezinbestean", bertan behera utzi dute El Duesoko ekitaldia, baina Diezi harrera egiteko egitaraua moldatu dute. Lehenik, "familia, lagun, kide eta harekin egon nahi duen oro El Duesoko espetxearen atarian izango gara Rafa askatu zain". Ondoren, Euskal Herrirantz abiatuko dira, eta bertako lehen herrian geratuko dira, Muskizko (Bizkaia) Pobeña auzoan: "Han, LABek elkarretaratze ekitaldia antolatu du 11:45etik aurrera, adierazpen askatasunaren alde eta euskal preso guztiak etxera ekar ditzatzen aldarrikatuz". Gainera, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) 19:30ean egitekoak diren ekitaldiari eutsi diote.

Egitarauaren berri eman aurretik, Sortuk ziurtzat jo du Diezek "merezitako harrera" izango duela, eta debekua "adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat" jo du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak.

Bestela mintzatu da, ordea, Pablo Casado PPko komunikazio idazkaria. Esan du "onartezina" dela Diez Usabiaga omentzea, eta "adi" egoteko eskatu dio botere judizialari, haren aldeko ekitaldirik egin ez dadin.

Espainiako Justiziak ezarritako espetxe zigorra osorik bete ostean, bihar geratuko da aske Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia eta Bateragune auzian zigortutakoa. Dignidad y Justicia elkarteak Espainiako Auzitegi Nazionalean eskatu zuen debekatzeko Diezi harrera egiteko biharko antolatu diren ekitaldiak. Elkarte horrek auzi askotan parte hartu du, eta, azkenaldian, haren xede nagusia da preso ohiei eginiko harrerak salatzea, argudiatuta ekitaldi horietan parte parte hartzen dutenek "terrorismoa goratu" eta "delitu terroristak justifika" ditzaketela. Elkarteak dio Diez "ETAko kide" dela, eta hori "publikoa eta agerikoa" dela.

Espetxe zigorra osorik beteta, libre

Politikan eta sindikalismoan ibilbide luzea eginikoa da Diez. Hogei urte zituela izen eman zuen LAB sindikatuan, eta 1996tik 2008ra arte idazkari nagusia izan zen. Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresuan parlamentari izana da ezker abertzaleko ordezkari gisa.

Bateragune auziko azken presoa da Diez. 2009ko urrian atxilotu zuten, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Rufi Etxeberria, Mañel Serra, Amaia Esnal eta Txelui Morenorekin batera. Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea egotzi zien orduan Baltasar Garzon epaileak. Auzitegi Gorenak sei urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri zion, Auzitegi Nazionalak 2011n ezarritakoa murriztuta. 10 urteko inhabilitazio zigorra du, 2021 artekoa.

17 hilabetean baldintzapean aske egon zen, baina, berriro espetxeratuta, hura da auzian preso jarraitzen duen bakarra. Zigorra osorik beteta irtengo da espetxetik, hura aske uzteko eskariak baztertu baitzituzten Auzitegi Nazionalak aurrena eta Auzitegi Gorenak ondoren. Zigor Kodearen erreformaren ondorioz, 579 bis artikulua ezartzea eta zigorra gutxitzeko galdegin zuen Diezek, baina ezezkoa erantzun zioten bi auzitegiek aurten; lehenak, urtarrilean, eta bigarrenak, uztailean.

Diezen askatasunaren alde izan da mobilizaziorik; besteak beste, Rafa gure artera manifestua izenpetu eta plazaratu zuten iazko urrian, eta sinatzaileen artean zeuden Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

2015eko apirilean, preso zegoela, hari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen BERRIAk. Bertan, burujabetza prozesua "herri boterearen berreskuratze prozesu" gisa definitu zuen, eta sindikalgintzaren egitekoaz ere gogoeta egin zuen: "Boterearen kontrako sindikalismoa baino gehiago, boterea berreskuratzeko sindikalismoa behar dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.