Euskal presoak

Zigorrak ez batzeari "'Parot doktrinaren' antzeko amaiera" iragarri diote Goreneko sei epailek

Frantzian betetako zigorrak aintzat ez hartzean "epai kontrajarriak" eman izana egotzi diote sei epaileek auzitegiari, ohartarazita Kepa Pikabearen eta Jose Luis Urrusolo Sistiagaren auzietan erabaki ezberdinak hartu dituela.

Espainiako Auzitegi Gorena helegite bat aztertzeko saioan, Candido Conde Pumpido magistratua erdian dela. VICTOR LERENA / EFE
jon olano
2015eko otsailaren 19a
12:23
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak urtarrilaren 13an erabaki zuen Kepa Pikabea euskal presoak Frantzian betetako espetxealdia ez kontuan hartzea Espainiako auzitegiek ezarritako zigorra betearaztean. Auzitegiak irizpide orokortu bat zehazteko asmoz hartu zuen erabakia, abenduan, Auzitegi Nazionaleko bi aretok irizpide ezberdinak erabili baitzituzten beste estatu batzuetan betetako zigorrak batzearen inguruan.

Pikabearen epaiaren aurka azaldu ziren Auzitegi Goreneko sei epaile, eta boto partikular batean jaso dute ebazpenarekiko desadostasuna. Argudiatu dute Frantzian beteriko zigorrak aintzat ez hartzeak "Parot doktrinaren antzeko amaiera" izan dezakeela eta "justifikatu gabeko bezterketa bat" dela, "Europako eremu judiziala zatitzen duena".

197/2006 doktrinak —Parot doktrina izenez ezagutuak— Europako Giza Eskubideen Ituneko 5. eta 7. artikuluak urratzen dituela ebatzi zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2013ko urrian. Boto partikularra sinatu duten sei epaileen ustez, "ageriko antzekotasunak" daude zigorrak batzearen eta Parot doktrinaren inguruan, eta, beraz, uste dute ezin dela baztertu "amaiera antzekoa" izatea.

Auzitegi Goreneko sei epaileek gogorarazi dutenez, doktrina haren aurkako epaian Estrasburgok ebatzi zuen presoari kalte egiten dion lege bat atzera eraginez erabiltzea ez datorrela bat Europako Giza Eskubideen Itunarekin. Sei epaileek uste dute zigorrak ez batzearekin horixe gertatzen dela. Candido Conde Pumpido, Joaquin Gimenez, Miguel Colmenero, Alberto Jorge Barreiro, Ana Ferrer eta Luciano Varela epaileek sinatu dute boto partikularra, eta azken horrek idatzi du.

Iragan astean, EAJk eginiko galdera bati erantzunez, Vera Jourova Europako Justizia, Kontsumo eta Berdintasun komisarioak Espainiari gogorarazi zion "derrigorrezkoa" dela beste estatuetako zigorrak aitortzea. Gainera, ohartarazi zion martxoaren 15a baino lehen jakinarazi behar duela nola txertatu duen bere legerian Europako Batzordeak 2008an onartu zuen zigorrak batzeari buruzko zuzentaraua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.