emakumeen aurkako indarkeria

Zinpekoen epaimahaiak ez du Nagore Laffageren heriotza hilketa gisa jo

Frogatutzat eman du Irungo neska Jose Diego Yllanesek hil zuela, baina hau "alkoholaren eraginpean eta burua galduta zeukala" aritu zen epaimahaiaren arabera. Hala, homizidio gisa jo du heriotza, defentsaren eskaera aintzat hartuta. Epaileak pare bat astera jakinaraziko du zigorra. Fiskalak hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du gaur, senideen abokatuak hamabostekoa eta defentsak zazpikoa. Iazko uztailaren 7an hil zuten Laffage, Iruñean.

2009ko azaroaren 13a
18:16
Entzun
Nagore Laffage Irungo (Gipuzkoa) neskaren hilketaren epaiketako zinpekoen epaimahaiak ez du haren heriotza hilketa gisa jo, homizidio bezala baizik. Frogatutzat eman du hura Jose Diego Yllanesek hil zuela -honek hala aitortu du epaiketan-, baina Yllanes "alkoholaren eraginpean eta burua erabat galduta zeukala" aritu zela adierazi du epaimahaiak.

Ondorioz, defentsa abokatuaren eskaera hartu du aintzat. Honek, arrazoi haiek erabilita, Yllanesen aurkako zazpi urteko espetxe zigor eskaera egin zuen epaiketa bukaeran -gaur eutsi egin dio eskaerari-, eta zioen akusatua egindako kaltea "konpontzen" saiatu zela, Laffage familiari 126.000 euro emanda.

Orain epailearen txanda da, baina pare bat astera jakinaraziko du zigorra. Zinpekoen epaimahaia osatu duten bederatzi kideak -sei emakume, hiru gizonezko- asteazkenetik aritu dira epaiketak eman duena aztertzen, eta haietatik gutxienez seik egon behar zuten ados hilketa izan zela erabakitzeko. Nafarroako Auzitegian egin dute epaiketa, azaroaren 2tik asteartera arte.

Iazko uztailaren 7an hil zuten Laffage, Iruñean, eta Yllanes da hiltzaile gisa akusatu dutena. Yllanesek aitortu du berak hil zuela, "edanda" zegoelako. Ahozko epaiketaren azken saioan, egindakoaz "lotsatu" egiten dela zioen. "Lehenik, barkamena eskatu nahi diot Nagoreren familiari, ondoren nireari ere bai, eta gizarteari azkenik". Lagun batek beste bati bizia kentzeko inolako eskubiderik ez duela nabarmendu zuen.

Javier Muñoz fiskalak hamazazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen Yllanesentzat epaiketa bukaeran, hilketa egin zuela egotzita, eta gaur hamabi urte eta erdira jaitsi du. Nagore Laffageren guraso bakoitzari 120.000 euroko eta anaiari 80.000ko kalteordaina emateko ere eskatu du fiskalak. Laffageren senideen abokatuak hogei urteko kartzela zigorra eskatu zuen, hilketagatik, eta gaur hamabostera jaitsi du.

Irungo eta Iruñeko udalak, Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak herri akusazio gisa aurkeztu ziren, 17 eta 22 urte arteko espetxe zigor eskaerekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.