Birusarekin kutsatuta daudenen kopuruaren kurbak gorantz jarraitzen du Hego Euskal Herrian, eta horren ondorioak nabarmenak dira ospitaleetan. Hirugarren egunez jarraian, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta dauden gaixoen kopuruak goia jo du, lehen olatuaz geroztik: atzo 227 pertsona zeuden ZIUetan, aurreko egunean baino lau gehiago, hain zuzen. Ez da horrelako daturik jaso izurritearen hasieratik: iazko apirilaren 16an, 228 pertsona zeuden eremu horretan ospitaleratuta, baina joera beheranzkoa zen, orain ez bezala.
Kutsatutakoen kopuruari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 10.984 PCR proba eta antigeno test egin zituzten herenegun, eta 828 positibo atzeman zituzten: Bizkaian, 317; Gipuzkoan, 290; Nafarroan, 143; eta Araban, 74. Gainontzeko lau kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean detektatutakoak dira, Jaurlaritzak azaldu duenez.
Hegoaldeko erietxeetan beste 76 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta Osasunbideko zentroetako gela arruntetan 140 gaixo zeuden ospitaleratuta. Horrez gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 84 urteko gizonezko bat koronabirusarekin hil zela. Eusko Jaurlaritzak, ordea, asteburuero bezala, ez zuen erietxeetako datu orokorrik eman, eta, beraz, bihar azalduko du zein den Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetako egoera.