Eguneko laburpena

Ziurgabetasuna

Gaur beste 34 hildako zenbatu dituzte, eta beste 442 postibo atzeman.

Gasteizeko zahar etxeko langileen elkarrretaratzea lankide baten heriotza salatzeko. RAUL BOGAJO / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 24a
19:02
Entzun

Izurrien bilakaera aztertzean, matematikarien esku hartzea oso garrantzisua izaten da aurreikuspenak egite aldera. BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Zentroak lantalde berezi bat sortu du, bilakaera aztertu eta aurreikuspenak egiteko Eusko Jaurlaritzarentzat. Jose Antonio Lozano BCAMeko zuzendari zientifikoaren ustez, "aurreikuspen metatuak nahiko onak dira, fidagarriak"; egunez egunekoak, aldiz, ez hain onak. Aurrera begira galdetuta, ziurtasunik ez. "Normalean, itxialdia arintzen baldin bada, kutsatuen kopurua ere igoko da, baina ez dakigu zenbat, ez baitakigu sintomarik gabeko zenbat dauden. Ziurgabetasun handia dago". 

Gaurko datuak egunez eguneko gorabeheren isla dira. Hildakoen kopuruak behera egin du, atzo gora egin ondoren. Gaur beste 34 hildako zenbatu dituzte (atzo, 51). Guztira, 1.612 heriotza koronabirusarekin lotuta. Beste 442 positibo atzeman dituzte egindako probetan. Araban, 82; Bizkaian, 183; Gipuzkoan, 60; eta Nafarroan, 117. Aurreneko egunekoak (502) baino gutxiago, baina ez kopuru txikia. 1.073 lagun daude ospitaleratuta, bezperan baino 42 gutxiago (- %3,7). ZIUn, 163 (8 gutxiago).

Gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorraren aurrean. Egungo datuen analisi baikorra egin du Urkulluk: "Azken hamabost egunotako datuek kutsatze kurbaren beherako joera argia baieztatzea ahalbidetzen dute". Krisiari aurre egiteko hartutako neurriak azaltzeaz gain, iragarpen bat egin du, arreta nagusia bereganatu duena: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailean egiteko proposamena. Kutsatze arriskua tasa baxuenetan egon daiteke, Urkulluk aipatu dituen hispotesien arabera. Gaia aztertzeko, alderdiak mahai batera deitu ditu datorren ostegunerako.   

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka

ZUZENEKOA: Eguneko jarraipena, gertatu ahala kontatuta

 

Agian honek ere merezi du

Shock psikosoziala. Larritzeko motibo asko eta denak batera ekarri ditu izurriak. Benetako shock psikosoziala da, Iñaki Markez psikiatraren hitzetan. Izurriaren ondorio psikologiko eta psikiatrikoak aztergai izan ditu da Arantxa Iraola kazetariak. Psikologoen Elkargoa doako arreta psikologikoa eskaintzen ari da, eta haren esperientzia jaso du Edurne Begiristain kazetariak. "Euskarri emozionala" eta "berehalako laguntza" ematen saiatzen ari dira.

Aire kutsatua. Aire guztiak ez dira berdinak birusarentzat. Azkenaldian egin diren zenbait ikerketaren arabera, aire kutsatua arnastera ohitu direnak kalteberagoak dira COVID-19aren aurrean. Gero eta aditu gehiago bat datoz: COVID-19ak kutsadura gehien duten hirietan du eraginik latzena, Iñaki Petxarroman kazetariak jaso duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.